Mundua -
Ezbeharra
70 hildakotik gora Kamerunen tren bat errailetik aterata
Hiriburutik irtendakoa zen, eta Douala kostaldeko hirira zihoan trena. Oraindik ez dituzte argitu istripuaren nondik norakoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 70 lagun hil eta 600dik gora zauritu dira Kamerunen, tren bat errailetik atera ostera, Gobernuak baieztatu duenez. Esekako geltokitik 11:00etan (tokiko orduan) irten zen trena, Kamerungo hiriburuan, eta Douala kostaldeko hirira zihoan, Camrail enpresak jakinarazi duenez.
"Ahots handia entzun genuen. Atzera begiratzean, bagoien atzealdea errailetik irtetzen ikusi nuen. Ke handia zegoen", azaldu du tren horretan zihoan Reuterseko kazetari batek.
Beste lekuko batek adierazi duenez, Yaundetik atera aurretik, beste sei bagoi jarri zizkioten trenari (normalean, bederatzi bagoi baino ez ditu tren batek). Dena dela, agintariek oraindik ez dituzte argitu ezbeharraren nondik norakoak.
Rachelle Paden bidaiarietako batek esan duenez, larrialdietarako zerbitzuek "40 hilotz inguru" erretiratu dituzte, baina ez daki zaurituak ala hildakoak diren. Beste bidaiarietako batek, Joel Binelik, azaldu du hiru lagunen gorpu zatituak ikus dituela errailen ondoan.