Mundua -
Inkesta baten arabera
Obama BPrekin ez dela behar bezain gogorra uste dute estatubatuarrek
Isuriak ekonomia nazionalari kalte egingo diola eta gasaren eta elikagaien prezioak igoko dituela uste dute hamar estatubatuarretik zortzik.
Erredakzioa
Barack Obama presidentea BPrekin behar bezain gogorra ez dela uste dute estatubatuarren % 71k, inkesta baten arabera. BPren petrolio-plataforma batek eztanda egin zuen Mexikoko golkoan, apirilean, eta AEBetako hondamendi ekologikorik larriena eragin zuen.
USA Today egunkariak argitaratu du inkesta gaur eta azterketa Gallup enpresak egin du. Ikerketaren arabera, isuriak ekonomia nazionala kaltetuko duela eta gasaren eta elikagaien prezioak igoko dituela uste dute hamar estatubatuarretik zortzik.
Inkestak azaldu duenez, isuria hondamendi naturaltzat jotzen dute estatubatuar gehienek, eta hamarkada bat edo gehiago luzatuko dela uste dute.
Hondartza batzuk sekula ez direla berreskuratuko uste du inkestatuen erdiak. Era berean, arrain eta hegazti espezie batzuen populazioak ez dira maila normaletara itzuliko, inkestatuen hitzetan.
BPk gastuen ardura hartu behar duela uste du inkestatuen gehiengoak, nahiz eta horrek porrotera eraman. Isuriaren erantzukizuna "gehienbat" BPk duela esan dute lautik hiruk.
Inkesta 1.014 estatubatuarrei egin zioten iragan ostiraletik igandera eta % 4ko akats marjina du.
"Aurrekaririk gabeko" erantzuna
"Aurrekaririk gabeko hondamendiak" halako erantzuna jasoko duela esan du Barack Obamak, Mexikoko golkoko isuriak kaltetu dituen hiru estatuetara egindako bisitan, Mississippi, Alabama eta Florida.