Mundua -
Irak
Petrolioa eta pneumatikoak erre dituzte Mosulen koalizioa itsutzeko
Hegazkinen bonbardaketak oztopatzea du xede ISISek. Oztopoak oztopo, Mosul inguruko herri batzuk hartu dituzte soldadu irakiarrek.
Agentziak | Erredakzioa
Mosulgo setioari eusten ari dira jihadistak. Azken orduetan, pneumatikoak eta petrolioa erre dituzte Irakeko hiria bonbardatzen ari diren hegazkinen lana eragozteko, euren mugimenduak errazteko.
Horrez gain, ekintzaile suizidak erabili dituzte soldadu irakiar eta kurduen aurka. Hiri barruan, militar irakiarrez jantzitako zibilak akabatu omen dituzte, herritarrak beldurtzeko asmoz.
Irakeko Gobernuak AEB buru duen nazioarteko koalizioa du lagun Mosul bereganatzeko erasoan. Jeff Davis Pentagonoko bozeramailearen arabera, azken orduetan "aurrerapen handiak" egin dituzte soldaduok, hiriaren inguruko hainbat herri hartuta.
18.000 soldadu irakiar eta 10.000 peshmerga kurdu parte hartzen ari dira erasoan. Estatu Islamikoarentzat gotorleku bilakatu den Mosul bereganatzea dute helburu.
Zibilen egoerak kezka eragiten du
Asteartean, gutxienez lau zibil hil eta beste lau zauritu ziren aliantzak egindako bonbardaketa batean, Hamam al Alil herrian (Mosuletik 25 km hegoaldera).
Haidar al Abadi Irakeko lehen ministroak iragarri duenez, zibilak irten ahal izateko korridoreak paratu dituzte. Zaila da jakitea zenbat pertsona bizi diren Mosulen. Gobernuaren arabera, milioi bat eta erdi pertsona daude bertan.