Mundua -
ISIS-en aurkako erasoaldia
Milioi erdi ume muturreko arriskupean daude Mosulen, UNICEFen arabera
NBEren taldeak prestaketa lanak egin ditu dagoeneko, 50.000 pertsona baino gehiagori ura, dutxak, komunak eta higiene-sortak emateko, eta beste 350.000ri laguntzea espero du datozen asteetan.
agentziak | erredakzioa
Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (UNICEF) salatu duenez, milioi erdi haur baino gehiago, eta haien senideak, "muturreko arriskupean" daude, Mosulen ISISen aurka egiten ari diren erasoaldiagatik.
"Mosulgo umeek asko sufritu dute azken bi urteetan. Asko lekuz aldatzeko beharrean egon litezke, gatazkaren erdian harrapatuta", esan du Peter Hawkins UNICEFek Arabiako herrialdean duen ordezkariak.
Horri aurre egiteko, UNICEFEk prestaketa lanak egin ditu dagoeneko 150.000 pertsona baino gehiagorentzako ura, dutxak, komunak eta higiene-sortak emateko, eta 350.000 lagunari laguntzea espero du datozen asteetan.
Era berean, mediku taldeak ere prestatu ditu umeek buruko trauma edo trauma fisikoa izanez gero laguntza emateko, hala nola poliomielitis eta elgorria -esaterako- gaixotasunei aurre egiteko txertoak.
"Gauez eta egunez ari gara lanean, umeak edozein lekutan egonda ere, UNICEF ere han egotea ziurtatzeko", baieztatu du Hawkinsek.
Gainera, haurrak babes ditzaten eta Giza Zuzenbidea errespeta dezaten eskatu die gatazkaren bi aldeei UNICEFek, umeak eta haien familiak salbu egon daitezen.
Haider al Abadi Irakeko lehen ministroak Mosulen operazioa abiaraziko zutela iragarri zuen, astelehen goizaldean. Talde jihadistak kontrolpean dauka hiria 2014ko udatik eta ezarritako kaliferriaren hiriburu izendatu du.
Astelehenean, Fuad Masud Irakeko presidenteak ziurtatu duenez, hiria "laster" askatuko dute eta Estatu Islamikoaren porrota "saihestezina" da.
Bestalde, Masud Barzani Irakeko Kurdistango presidentearen esanetan, operazioari esker, lurralde horretako 200 kilometro karratu baino gehiago askatu ahal izan dituzte.
Gatazka hasi aurretik bi milioi pertsona inguru bizi ziren hirian. Mosul leku garrantzitsua da Irakeko milizianoentzat. Halere, Gobernua beldur da zibilek ez ote dute ihes egingo erasoaldiagatik.