Mundua -
Gerra Sirian
Adostasunik gabe amaitu Siriari buruz Lausanan egin duten batzarra
John Kerry AEBko diplomaziaren burua eta Serguei Lavrov Errusiako Kanpo-arazoetarako ministroa Lausanako (Suitza) hotel batean bildu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako gatazkari buruz larunbat honetan Lausanan (Suitza) egin duten bilera su-etena berriro abian jartzeko akordiorik gabe bukatu da. Hala ere, alderdiak astelehenean batuko dira berriro, eta gaurko topaketa positiboa izan dela adierazi dute.
John Kerry AEBko diplomaziaren buruak eta Serguei Lavrov Errusiako Kanpo-arazoetarako ministroak parte hartu dute bileran, eta Kerryk adierazi duenez, "oso topaketa positiboa izan da".
"Datozen egunetan topaketen jarraitzea erabaki dugu, aurrera egitea ahalbidetuko duen adostasun batera iristeko asmoz", esan du Lavrovek.
Bileran izan dira honako beste hauek ere: Qatar, Egipto, Irak, Iran, Jordania, Saudi Arabia eta Turkiako Kanpo-arazoetarako ministroak, baita Staffan de Mistura Nazio Batuen Erakundearen Siriarako arduraduna ere.
"Ez dugu borroken etenaldiari buruzko akordiorik lortu, baina ez zegoen aurreikusita halakorik lortzerik", adierazi du Ahmet Cavusoglu Turkiako atzerri ministroak. Cavusogluk azaldu duenaren arabera, ez dira ados jarri ea lehendabizi zer egin behar zuten: su-eten bat lortu edota oposizio "moderatua" talde terroristetatik bereizi.
Lehendabiziko bilera bi asteren buruan
Bi ministroak biltzen diren lehen aldia da, duela bi aste baino gutxiago bi herrialdeen arteko aldebiko elkarlana hautsi eta haustura horren ardura batak besteari leporatu ostean.
Kerryk gerra krimenak egitea egotzi zion berriki Errusiari zibilak eta ospitaleak nahita bonbardatzeagatik; aldiz, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ukatu egin zituen salaketa horiek, eta aldi berean, azaldu zuen Mendebaldeak bere herrialdea "Munduko gaitz guztien errudun egiten duela".
Hain zuzen ere, Lavrov berak atzo azaldu zuen "inongo itxaropenik gabe" zihoala Lausanako batzarrera.
Dena den, Errusiako diplomaziaren buruak gonbidapena onartu eta aldebiko batzarra izan du bere homologoarekin.
Deialdiak, bost urteren buruan egiten den enegarrenak, garbi erakusten du Washingtonentzat diplomazia dela bide bakarra indarkeria gelditzeko edota gutxienez arintzeko.
Hori horrela, duela hamar egun eten zuten formatuari berriro ez heltzeko, AEBk inguru hartako zazpi potentzia gonbidatu ditu negoziaketetan parte hartzera: Qatar, Egipto, Irak, Iran, Jordania, Saudi Arabia eta Turkia, eta herrialde horietako bakoitzak ordezkari gorenak bidali dituzte.