Mundua -
Frantzia
Hiru emakume atxilotu dituzte Parisen, ekintza terroristak egotzita
Gas bonbonaz betetako auto bat agertu zen asteburuan Notre Dame katedraletik gertu, eta horrekin lotuta egin dituzte atxiloketak.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako Poliziak hiru emakume atxilotu zituen atzo, osteguna, ekintza terroristak egotzita. Gas bonbonaz betetako auto bat agertu zen asteburuan Notre Dame katedraletik gertu, eta horrekin lotuta egin dituzte atxiloketak.
Atxiloketaren unean, emakumeetako bat eta polizia-agente bat zauritu ziren. Izan ere, emakumeak labana batez eraso zion agenteari, eta segurtasun indarrek tiro egin zuten haren kontra.
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak esan duenez, 19, 23 eta 39 urteko emakumeak "erradikalizatuta eta fanatizatuta" zeuden, eta beste ekintza terrorista batzuk prestatzen ari ziren.
Atxilo hartutako bat, larri
Atxiloketa Boussy Saint Antoine Paris kanpoaldeko tren geltoki batean jazo zen. Susmagarrietako batek labana atera zuen eta agente bati zauria egin zion bizkarrean, eraso eginda.
Segurtasun indarrek tiroka erantzun zuten. Emakumea larri eraman zuten Parisko ospitale batera.
Atxilo hartutako hiru emakumeetatik bik aurrekariak zituzten Siriara joaten saiatzeagatik, eta Polizia hirugarrenaren bila zebilen. Azken hori, 19 urtekoa, Notre Dame inguruan utzitako autoaren jabearen alaba da. Frantziako egunkariek ostiral honetan zabaldu dutenez, Estatu Islamikoari leialtasuna agindu zion, eta berak eraso zion polizia-agenteari.
Gas bonbonez betetako ibilgailua
Asteburuan topatu zuten autoa, Notre Dame katedraletik gertu, matrikularik gabe eta larrialdi argiak piztuta zituela. Gidariaren ondoko aulkian, hutsik zegoen bonbona bat zegoen, eta maletategian, beste bost, beteta.
Dena dela, ikertzaileek gerora ikusi ahal izan zutenez, ez zegoen bonbonok aktibatzeko gailurik auto barruan, baina artezilariek ukituz gero leher egiteko dispositiboa ote zuen aztertzen ari dira orain.