Mundua -

Giza laguntza

Itsasontzi irlandarra Gazara bidean da, iturri israeldarren arabera

Rachel Corrie "Askatasunaren ontzidia"ren kidea da eta komunikazioa galdu du Zipreko basearekin. Itsasontzia Gazara iristea galaraziko duela ohartarazi du Israelek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rachel Corrie "Askatasunaren ontzidia"ren ontzi irlandarra Gazara "gerturatzen" ari da gaur goizean, Israelgo diplomaziako iturriek jakitera eman dutenez.

Asteburuan Palestinako Eremura iristea helburu zuen ontziak "Gazara hurbiltzen jarraitzen du" bertako 11:00etan (08:00 GMT), aipatu iturrien arabera.

Hartu-emanak, etenda

Rachel Corrie Zipren egoitza duen itsasontzi irlandarrak hartu-emanak galdu ditu basearekin.

"Ez dakigu non dagoen, itsasontziarekiko irrati harremanak galdu ditugu eta. Pentsatzen dugu Israelek eten dituela komunikazioak", adierazi du Audrey Bomse Free Gaza elkarteko kideak Larnakatik.

"Ez dakigu Ziprera itzultzen ari den ala Gazara bidean den", zehaztu du Jerusalemdik hitz egin duen aipatu iturriak.

Israelgo iturri militarrek ere ez omen dakite itsasontzia non dagoen, "non dagoen eta zer egiten duen tripulazioaren esku dago", gaineratu dute.

Israelek ontziari berari ere ohartarazi zion Gazara iristea galaraziko ziola, astelehenean beste ontzi batzuekin egin zuen moduan.

Ontzian Mairead Maguire Bakearen nobel sariduna doa, besteak beste.

Obamak ez du Israel gaitzetsi

Gazari giza laguntza eman nahi zion ontzidiari egindako erasoak "ez dio mesederik egingo Israelen segurtasunari epe luzean", Barack Obama AEBetako presidentearen esanetan. Hala ere, herrialde hebrearrari gaitzespena agertzeko goizegi dela iritzi dio.

CNNri eskainitako elkarrizketa batean Obamak adierazi duenez, "AEBek NBEren Segurtasun Kontseiluko gainerako kideekin esan dute indarkeriazko ekintza horiek eragin zituzten gertakariak gaitzesten dituela. Egoera tragikoa izan zen".

AEBetako presidenteak gogorarazi du "nazioarteko estandarrak" betetzen dituen ikerketa bat babesten duela gertatutakoa argitzeko eta Israel ere alde dagoela gaineratu du.

"Behar ez ziren hildakoak izan ziren", zehaztu du agintariak. Dena dela, gertakariaren ardura norena izan den esateko, lehenik "nondik norako guztiak jakin behar" dituztela azaldu du.

AEBen erantzuna nahikoa epela izan da nazioartearen gehiengoak egindako gaitzespenaren aurrean.

Laura Arau eta Manuel Tapial gaur iritsiko dira

Laura Arau eta Manuel Tapial, erasoa jasan zuen elkartasun ontzidian zihoazen ekintzaileak, gaur iritsiko dira Bartzelonako Prat aireportura Istanbuletik. David Segarra ere Turkiako hiriburuan da, baina oraindik ez dakite ekintzailea noiz iritsiko den.

Haydee Santamaria Kultura, Bake eta Elkartasun Elkarteak, Tapialen, Arauren eta Serraren elkarteak, agiri batean jakitera eman duenez, lehenengo biak 16:35 aldera iritsiko dira aireportura hegazkin komertzial batean.

"Iritsitakoan prentsaurrekoa emango dute hedabideen aurrean", adierazi du GKEk, baina ez du zehaztu noiz eta non izango den agerraldia. "David Segarra kazetaria ere aske utzi dute eta aipatu hiri turkiarrean dago", baina "ez dakigu noiz itzuliko ote den Espainiara", gaineratu dute.

Netanyahuk blokeoa arin lezake

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazako Eremuari ezarritako blokeoa arintzea ari da aztertzen, Israelgo hedabideen arabera. Horixe da nazioarteak herrialde hebrearrari eskatu diona giza laguntza zeraman ontzien kontrako erasoaren ostean.

Netanyahuk ere begi onez joko omen lituzke Hamas buru duen lurraldera kostatik sartzen diren produktuak gainbegiratzeko irtenbide berriak, Haaretz egunkari israeldarraren arabera. Dena dela, blokeoa arintzeak ez lioke Israel eta Gaza arteko kontrol-sareari eragingo, itsasoko blokeoa soilik arinduko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea