Mundua -

Caracas

Milaka lagunek erreferenduma eskatu dute Venezuelan oposizioak deituta

Manifestariek galdeketa egitea eskatu dute presidentea kendu ahal izateko, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Venezuelako oposizioak Caracaseko kaleak hartu ditu

0:30

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako oposizioak deituta, milaka hiritarrek Maduro presidentea kentzeko erreferenduma aurten egitea eskatu dute, "Caracas hartzeko martxa" deitutako mobilizazioan. Madurok, bere aldetik, aldeko milaka pertsona elkartu zituen, hiriko beste gune batean.

Goizean goizetik, oposizioaren aldeko milaka lagun kalera atera dira hiriburuaren sortaldean, hiru gune ezberdinetatik, erreferenduma aurten egitea eskatzeko.

Oposizioaren aldekoek (horietako asko zuriz jantzita eta Venezuelako banderak eskuan) hiriko etorbide nagusiak zeharkatu dituzte, presidentearen aurkako politikari nagusiak, Henry Ramos Allup eta Henrique Capriles, besteak beste, ondoan zituztela.

Manifestazioa bukatutakoan, Batasun Demokratikoaren Mahaiko (MUD) idazkari nagusiak manifestu bat irakurri du, eta mobilizazio gehiago iragarri ditu, erreferenduma ahalik eta arinen egitea eskatzeko.

MUDek irailaren 14rako deitu du hurrengo protesta. 12 ordu iraungo du, eta hiriburu guztietan egingo dute, Margarita uhartean (Venezuela) Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduak egingo duen goi-bileran parte hartuko duten estatuburuei eta gobernuburuei "Venezuelako herritarren deia" helarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Venezuela albisteak