Mundua -

'Askatasunaren Ontzidia'

Atxilotutako ekintzaileak deportatzen hasi da Israel

Bart 165 pertsona erbesteratu ditu, eta prozesua 48 ordutan bukatzea espero dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek deportatu egingo ditu ''Askatasunaren Ontzidi''an zihoazen eta atxilotuta eraman zituzten ekintzaile guztiak (600 inguru), nazioarteko presioaren ondorioz.

Gobernuaren kabinete politiko-militarrarekin, Eli Yishai Barne ministroarekin eta Ehud Barak Defentsa ministroarekin batzartu eta gero hartu du erabakia Benjamin Netanyahu lehen ministroak, haren bulegoak informatu duenez.

Agirian gaineratu dutenez, "deportazioak berehala eta legeak ezarritako prozeduren arabera" egingo dituzte.

"Gutxi gorabehera 48 ordutan amaituko da prozesua", zehaztu dute. Prozesua bart hasi dute, 165 pertsona erbesteratuz.

Atzo bertan, NBEko Segurtasun Kontseiluak "zibil eta ontzi guztiak askatzeko" eskatu zion Israeli.

Herrialde hartako Armadak eraso egin zion astelehenean ''Askatasunaren Ontzidia''ri, hau da, Gazara laguntza humanitarioa zeramaten sei ontziri, eta ondorioz gutxienez bederatzi pertsona hil zituen.

Deportazio izapideak bart hasi dituzte, 50 ekintzailek inguru borondatezko aberriratzea sinatu dutenean. Hala, Israelgo Justizian helegitea jartzeari uko egin diote.

Dena dela, atxilotutako gehienek errefusatu egin dute "kaleratze orria" deritzona sinatzea, eta asko Ela espetxean (Israelgo hegoaldea) daude oraindik.

Hiru espainiarren egoera

Ontzietan zihoazen hiru espainiarrei dagokienez, Laura Arau Cultura, Paz y Solidaridad Haydee Santamaria GKEko kide kataluniarrak sinatu egin zuen atzo borondatezko aberriratzea.

Beste biak, Manuel Tapial madrildarra (GKE bereko kidea da) eta David Segarra valentziarra (Telesur telebista-kate venezuelarreko kazetaria da) berdin egitea aztertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea