Mundua -

Senatua

Rousseffek ohartarazi du Brasil 'Estatu kolpearen atarian' dagoela

Behin behinean kargugabetutako presidenteak azken hitza hartu du epaiketa politikoan, eta "injustiziaren zapore mikatza eta latza" salatu du.

Brasil estatu-kolpe baten atarian dagoela adierazi du Dilma Rousseffek

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dilma Rousseff behin behinean kargugabetutako Brasilgo presidenteak azken hitza hartu du Senatuan egiten egiten ari diren epaiketa politikoan, eta Senatua Brasil "benetako Estatu kolpe baten atarian uztear" dagoela ohartarazi du.

Rousseffek "injustiziaren zapore mikatza eta latza" salatu du 81 senatarien aurrean (auzitegia osatzen dute) egin duen lehenengo agerraldian.

Hitzaldi politiko gogorra, trinkoa, sendoa eta barea eman du presidente kargugabetuak, eta bere errugabetasuna defendatu du behin eta berriz, agintaldian Konstituzioa eta legeak "defendatzeko konpromisoa" goitik behera bete duelakoan.

"Ez dut nire agintaldiagatik borrokatzen. Demokraziagatik, egiarengatik eta justiziarengatik borrokatzen dut", adierazi du Senatuan, 45 minutuko hitzaldian, Ricardo Lewandowski ganberako presidenteak zuzendutako saioan.

"Konspirazioa"

Rousseffek gogor jo du aurrekontuak "itxuratzeko" legez kanpoko neurriak hartu zituela leporatu dioten goi-kargudunen aurka, eta elite politikoak eta ekonomikoak sustatutako "kolpeari" bidea emateko akusazio injustuak jaso dituela berretsi du.

Agintea galtzeko zorian izatera eraman duen "konspirazioa" 2014ko urrian hasi zela azaldu du, bigarren agintaldirako hautatua izan zenean.

Rousseffen arabera, akusazioak "aitzakia hutsak" dira, brasildarrek 2003an lortu zituzten "eskubide sozialak urratzeko", Lula da Silva aurreko presidenteak, Senatuan egon denak, ezarritako eskubideak hain zuzen ere.

"'Impeachment'aren aukera eztabaida politikoaren gai nagusi bihurtu zen, baita prentsaren zati handi batena ere, nire bigarren agintaldia hasia eta bi aste eskasera", azaldu du presidenteak, "oposizioaren etengabeko arrisku politikoaren giroa" nagusi zela eta "kolpea"ren hastapena izan zela gaineratu aurretik.

Prozesua

Hitzaldiaren ondoren, galderen tartea zabaldu da, eta senatari guztiek bost minutuko tartea izango dute horretarako. Dilma Rousseffek, ostera, ez du denbora mugarik izango bere azalpenak emateko.

Jarraian, eztabaidarako tartea izango da eta senatari guztiek 10 minutuz hitz egiteko aukera izango dute eta akusazioak eta defentsak, berriz, ordubeteko tartea izango dute beren azken alegatua egiteko. Behin hori eginda, bozketa asteartean edota asteazkenean egingo da.

Brasilgo presidentearen kontrako epaiketa politikoa hasi zenetik, Dilma Rousseff Senatura joaten den lehendabiziko aldia izango da eta bere burua defendatzeko aukera izango du. 2015eko zerga kontuak makillatzea leporatzen diote Rousseffi.

Dilma Rousseffen etorkizuna 81 senatariren eskuetan dago; zehazki, 54 senatarik haren kargugabetzearen alde bozkatzen badute kargua galduko du eta Michel Temer egungo jarduneko presidenteak beteko du haren agintaldia 2019ko urtarrilaren 1a arte. Dena den, horrela ez bada, Rousseffek berehala berreskuratuko du agintea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gaurko azken ordukoa Brasil Latinoamerika albisteak