Mundua -
Ontzidia humanitarioa
Israelek ontzi batzuei eraso eta gutxienez 9 zibil hil ditu
- 750 pertsona eta Gazarentzat laguntza humanitarioa daramatzaten sei ontziri egin die eraso.
- Erasoari buruz "azalpen guztiak" eman ditzan eskatu dio Israeli NBEk.
Erredakzioa
Israelgo Armadak eraso egin dio ''Askatasunaren Ontzidia''ri, hau da, 750 pertsona baino gehiago eta Gazarentzat laguntza humanitarioa daramatzaten sei ontziri, eta ondorioz hainbat pertsona hil ditu.
Oraindik ez dago batere argi zenbat pertsona hil diren. Armadak bederatzi aitortu ditu, baina hedabide batzuek 20 aipatzen dituzte.
Erasoari buruz "azalpen guztiak" eman ditzan eskatu dio Israeli Nazio Batuen Erakundeak. Era berean, gertatutakoa argitzeko ikerketa bat abian jartzea eskatu du. Bestalde, ''Askatasunaren ontzidia''ren aurka indarkeria erabiltzea gaitzetsi du Europar Batasunak, eta Israelen operazioaren inguruan ikerketa inpartzial bat berehala martxan jartzea eskatu du.
Gertatutakoak haserrea eragin du nazioartean; AEBak (Israelgo aliatu nagusiena) "kezkatuta" daude Israelgo erasoarekin, baina ez dute gaitzetsi "gertakaritzat" eta "tragediatzat" jo duten erasoa.
Bestalde, bihar Barack Obamarekin zuen elkarrizketa bertan behera utzi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Erasoak eragin dituen heriotzak deitoratu ditu Netanyahuk. "Zoritxarrez, borrokan gutxienez hamar lagun hil dira. Heriotza horiek deitoratzen ditugu guk", adierazi du Kanadan.
Turkiako hedabideek erasoaren irudiak erakutsi dituzte. Mavi Marmara ontzitik grabatuta daude, eta horietan soldaduak ikus daitezke, tiro egiten.
Ekintzaileek konboitik bertatik azaldu dutenez, Israelgo soldaduak helikopteroz iritsi dira ontzietara, eta benetako balak erabili dituzte tripulatzaileen aurka, haiek bandera zuriak erakutsi badituzte ere.
Talde humanitarioa sei ontzik osatzen dute (hiru Turkiakoak dira), eta 10.000 tonelada laguntza humanitario daramatzate, sendagaiak eta premiazko beharrak asetzeko materiala, kasu.
Aipatu 750 pertsonak 40 herrialdetakoak dira. Erdiak Turkiakoak, baina Alemaniako, Norvegiako, Suediako, Bulgariako eta Irlandako 12 parlamentario ere badaude.
Ontziak asteburuan abiatu ziren Gazara, Mediterraneoko hainbat puntutatik. IHH fundazio humanitario turkiarra da antolatzailea.
Turkiako hedabideen arabera, erasoa 04:00etan (03:00 Euskadin) abiatu dute. Herrialde hartako telebista-kateek zuzenean eskaini dute, 05:00etan konexioa eten duten arte.
Gutxienez hiru espainiar ontzietan
Ontzi humanitarioetan hiru espainiar daude: David Segarra Telesurreko kazetaria eta Manuel Tapial eta Laura Arau Cultura, Paz y Solidaridad Haydee-Santa Maria GKEko kideak.
Dena dela, Diego Lopez Garrido Europar Batasunerako Estatu idazkariak baieztatu duenez, hirurak onik daude, noiz espainiaratu zain.
Poliziako iturrien arabera, 600 bat lagunek manifestaldia egin dute Atzerri Ministerioaren aurrean, Madrilen, Israelen erasoaren aurka protesta egiteko.
Protestak euskal hiriburuetan
Palestinaren aldeko elkarteek Euskadin eta Nafarroan elkarretaratzeak egin dituzte: Bilbon, Europar Batasunaren egoitzaren aurrean (Kale Nagusia, 33);&' || 'nbsp; Gasteizen, Posta plazan, eta Iruñean, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean.
Armada: "Ontziak probokazioa ziren"
Erasoa zuritzeko xedez, Israelgo Armadak ziurtatu du "Gobernuaren agindua bete" baino ez duela egin, hots, "baimena ez duten pertsonak Gazan sartzea galaraztea".
"Ontzidia Israeli zilegitasuna kendu nahi zion probokazioa da. Gazan sartu asmo zuen, zeraman materiala Israelen bitartez igorri zezakeen arren", gaineratu du.
Daniel Ayalon Defentsa Ministerioko ''bigarrena'' urrunago joan da: Soldaduei eraso izana eta Al Kaidarekin, Jihad Islamiarrarekin eta Hamasekin loturak izatea egotzi die langile humanitarioei.
Zentzu horretan, ''Askatasunaren ontzidia'' Gazaren blokeoa apurtzen saiatu dela adierazi du Israelek NBEko Segurtasun Kontseiluan. Ekintzaileek soldaduei eraso egin dietela erantsi du. Armadak "defendatzeko" erantzun duela gaineratu du.
Turkiatik alde egiteko eskatu die Tel Avivek Israelgo turistei
Bere aldetik, Avigdor Lieberman Kanpo Gaietarako ministroak premiazko bilera deitu du gaur goizerako bere Saileko kideekin.
Halaber, Kanpo Gaietarako Ministerioak Turkiatik alde egiteko eskatu die han dauden turista israeldarrei.
Erantzun diplomatikoa eta protestak Istanbulen
Turkiako Kanpo Gaietarako Ministerioak erantzun irmoa eman du erasoaren aurrean, eta Israelgo Gobernuak "ondorioak" ordainduko dituela ohartarazi du.
Gaby Levy Israelek Ankaran duen enbaxadorea deitu egin dute, azalpenak eman ditzan eta Turkiaren protesta ofizialki jasotzeko.
Ministerioak salatu du Armadak indarra erabili izana laguntza humanitarioa daraman taldearen aurka, eta ontzietan "edadetuak, emakumeak eta haurrak" ere daudela esan du.
"Zibilak helburu bihurtuz, Israelek berriro erakutsi du ez zaiola axola giza bizitza, ezta bake ekimenak ere. Gogor gaitzesten dugu ekintza krudel hau", gaineratu du.
"Berdin dio zein den arrazoia, helburu humanitarioa zuten zibilen aurkako ekintza hau onartezina da. Israelek ordaindu egin beharko ditu ondorioak".
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak bertan behera utzi du Latinoamerikatik egiten ari zen bira.
Bien bitartean, Istanbulen, ehunka pertsonak protesta egin dute Israelen kontsulatuaren aurrean, eta barruan sartzen saiatu dira, baina Poliziak galarazi egin du.
NATOEnbaxadoreen ezohiko bilera egingo du NATOk gaur asteartea, Turkiak eskatuta.
Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko bilera berezian ikuspuntuak partekatuko dituzte kideek, baina amaieran ez da erabaki formalik izango, ezta adierazpenik ere.
Gaza, blokeatuta 2007tik
Duela hiru urte, Hamas Gazako agintera heldu zenean, Israelek blokeo zorrotza ezarri zuen lurralde horretan, itsasoz eta lurrez.
2008ko amaieran, Israelgo Armadak 1.400 pertsona hil zituen Gazan.