Mundua -
Estatu kolpe saiakera
30.000 turkiarrek babesa azaldu diote Erdogani, Kolonian (Alemania)
Turkiako presidentearen zuzeneko emanaldia debekatu du Alemaniak, giroa gehiago nahastu ez zedin. Ankarak gogor salatu du neurria.
Agentziak | erredakzioa
Turkiako Estatu kolpe saiakeraren ondotik, Alemanian bizi diren 30.000-40.000 turkiarrek babesa eskaini zioten atzo Recep Tayyip Erdogani, haren jarraitzaileek Kolonian egindako elkarretaratze batean. Turkiaren aldekoen eta Ankarak hartu dituen neurrien aurka daudenen artean liskarrak egongo ziren beldur, polizien zaintzapean egon zen kontzentrazioa.
"Bai demokraziari, ez estatu kolpeari" lelopean eta Turkiako banderak eskuan, Alemaniako hiriko kaleak zeharkatu zituzten manifestariek, Akif Cagatay Kilic Turkiako Kirola eta Gazteria ministroa buru zutela.
Turkiar jatorria duten hiru milioi herritar daude Alemanian, eta % 60k AKP Erdoganen alderdiaren alde egin zuen azaroko hauteskundeetan.
Kilic ministroak Turkiako herriaren batasuna defendatu, eta Alemaniak Erdoganen mezuaren zuzeneko emanaldia debekatzea kritikatu zuen. Giroa gehiago nahastuko zen beldur zen Polizia, eta deitzaileek erabakiari errekurtsoa jarri bazioten ere, Konstituzionalaren babesa izan zuen neurriak.
Ankarak ere gogor salatu zuen erabakia: "Onartezina da", esan zuen Ibrahim Kalin Erdoganen bozeramaileak. Haren ustez, Alemaniak ez du irizpide bera erabili kasu guztietan, PKK kurduen gerrillaren aldeko manifestazioa baimendu baitzuen.
Turkiaren eta Alemaniaren arteko harremanak
Kilic ministroak irakurri zuen Erdoganen mezua. Estatu kolpe saiakeraren ondotik Alemanian bizi diren turkiarrek emandako babesa eskertu zuen presidenteak, eta buru duen herrialdea indartuago dagoela nabarmendu zuen.
Azken asteetan kritiko azaldu da Alemania Turkiak hartutako neurrien kontura. Estatu kolpe saiakerarengatik izandako "neurrigabeko erreakzioa" salatu zuen Angela Merkel kantzilerrak, eta "Zuzenbide Estatuaren printzipioak" jarraitzeko eta neurrian erantzuteko eskatu zion Erdogani.
Aliatu deserosoa bilakatu da Erdogan Merkelentzat. Alemaniako kantzilerra izan da errefuxiatuen harira Turkiarekin adostutako itunaren defendatzaile nagusia, baina harremana gaiztotzen joan da estatu kolpe saiakeraren ondotik Erdoganek egindako garbiketarekin.
Mevlut Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroak Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariari ohartarazi dioenez, Bruselak turkiarrei bisa eskatzen jarraitzen badu, errefuxiatuen ituna bertan behera utz lezake Ankarak.