Mundua -

Epaiketa trafikatzaile bati

Hiru lagun hil dira istiluetan, Jamaikan

Talde armatuek polizia bat hil dute Kingstonen eta indarkeria-boladaren ondorioz salbuespen egoera ezarri du Gobernuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christopher Dudus Coke ustezko droga-trafikatzailea atxilotu, eta orain AEBetara deserriratu nahi dutelako istiluak jazo dira Kingstonen (Jamaika). Liskarretan hiru lagun hil dira, Jamaikako Gobernuak gaur jakitera eman duenez.

Talde armatuek polizia bat hil dute Kingstoneko zenbait auzotan izaten ari diren istiluetan. Indarkeria-boladaren ondorioz salbuespen egoera ezarri du Gobernuak.

Era berean, beste polizia batzuk zauritu dira, eta baita talde armatuetako hainbat lagun ere.

Salbuespen egoera

Jamaikako Gobernuak salbuespen egoera ezarri du Kingston hiriburuaren bi herenetan, ustezko droga-trafikatzailea AEBetara deportatu behar dutelako sortu diren liskarrengatik.

Dutxaren Erakundearen, herrialdeko erakunde kriminal handienaren, buruzagitzat jotzen dute.

Ustezko droga-gizonaren jarraitzaileek hiru komisariari egin diete eraso eta bat kiskalita geratu da.

Gainera, ustezko droga trafikatzailearen jarraitzaileen eta poliziaren artean tiroketak izan dira.

Iragan asteartean erabaki zuen Jamaikako Gobernuak Dudus Coke New Yorkera deportatzea droga trafikoagatik eta armak edukitzeagatik epai dezaten. Ordura arte, Jamaikako Gobernuak errefusatu egin zuen estradizioa, haren kontrako karguak legez kanpo lortu zituztelakoan.

Armategi handia

Poliziak uste du Dudus-en taldeak armategi handi bat duela Tivoli Gardens auzoan, lehen ministroari Parlamentuan ordezkaritza eman dion lekuan.

Auzo horretan bertan, liskar handiak izan ziren poliziarekin 2001ean. 26 lagun hil ziren hiru eguneko borrokaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea