Mundua -

Ansbach

Siriako errefuxiatu bat hil da lehergailu bat zartarazita Alemanian

Gutxienez 12 lagun zauritu ditu. Gizona Ansbacheko ostatu batean bizi zen eta duela bi urte heldu zen Alemaniara. Asiloa eskatu zuen, baina iaz ukatu zioten.

27 urteko Siriako errefuxiatu bat hil zen bart Ansbachen (Alemaniako hegoaldea). Argazkia: EFE
27 urteko Siriako errefuxiatu bat hil zen bart Ansbachen (Alemaniako hegoaldea). Argazkia: EFE
Errefuxiatu siriar bat hil da Alemanian, bonba baten eztanda eraginda

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

27 urteko Siriako errefuxiatu bat hil zen bart Ansbachen (Alemaniako hegoaldea), lehergailu bat zartarazi ondoren. Gutxienez beste 12 pertsona zauritu ditu.

Joachim Herrmann Bavariako Barne ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, erasotzaileak jihadismoarekin lotutako bideoak zituen haren eskuko telefonoan eta ordenagailuan; horietako batean Estatu Islamikoko buru den Abu Bakr al Baghdadiri leial izango zitzaiola zin egiten zuen. Dena den, oraingoz ez dute erasoa nazioarteko talde terroristarekin lotzen duten frogarik aurkitu. Hala ere, erasotzaileari atzemandako beste bideo batean Alemaniaren kontrako atentatuak egitearekin mehatxu egiten zuen; "mendeku" gisa. Gainera, Herrmann Bavariako Barne ministroak "eraso terrorista" izan dela azpimarratu du eta oinarrian islamismoa dagoela zehaztu du.

Agintariek hainbat froga aurkitu dituzte erasotzailearen etxean egindako miaketan eta, horien arabera, erasotzailearen asmoa ahalik eta hildako gehien eragitea zen, analisien emaitzen zain. Halaber, etxean atzemandako objektuen artean bonbak egiteko erabili ahal zitekeen materiala dago.

Ikertzaileak gizonaren ingurua eta harremanak ikertzen ari dira. Herrmannen ahotan, gizonak aurrekariak zituen, eta, aldez aurretik, bere burua hiltzen bi aldiz saiatu eta ospitale psikiatriko batean egon zen.

Poliziaren arabera, hiriko erdialdean egiten ari ziren musika jaialdian sartzen saiatu zen gizona, baina ez zioten utzi sarrerarik ez zuelako. 2.500 pertsona bildu ziren jaialdian.

Lehergailuaren osaketa eta gizonaren mugikorra aztertzen ari dira. Bonbak metalezko piezak zituen.

Gizona Ansbacheko ostatu batean bizi zen eta duela bi urte heldu zen Alemaniara. Asiloa eskatu zuen, baina iaz ukatu zioten. Hala ere, kanporatzeko espedientea etenda zegoen Siriako egoera dela eta.

Agintariek 200 polizia zabaldu dituzte Ansbachen. Lekukoen informazioa jasotzeko, telefono bat martxan jarri du Poliziak. Era berean, leherketako argazkiak eta bideoak biltzeko posta elektronikoa martxan jarri dute.

Gainera, 21 urteko errefuxiatu siriar bat atxilotu du Poliziak Reutlingenen, Alemaniako hegoaldean, emakume bat matxete batekin hiltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania bideoak Atentatuak Eguneko albisteak