Mundua -

Tiroketa Munichen

Municheko tiroketaren egileak urtebete zeraman erasoa prestatzen

Erasoan erabilitako arma Interneten erosi zuen gazteak, Bavariako Barne ministroak jakinarazi duenez.

Ali David Sonboly Municheko tiroketaren egilea. Argazkia: EiTB
Ali David Sonboly Municheko tiroketaren egilea. Argazkia: EiTB
Armen kontrolari buruzko eztabaida piztu du Municheko sarraskiak

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ali David Sonboly Municheko tiratzaileak interneten erosi zuen erasoa egiteko erabili zuen pistola, Joachim Herrmann Bavariako Barne ministroak gaur jakinarazi duenez. Erasoan erabilitako arma Txekiar Errepublikatik edo Eslovakiatik zetorrela ere gaineratu du. Ostiralean 9 lagun hil eta beste 35 pertsona zauritu zituen (horietako hiru egoera kritikoan daude), bere buruaz beste egin aurretik.

Antza denez, pistola erabili ezinda zegoen, baina aldaketak egin zizkioten berriz ere tiro egin ahal izateko Herrmannek Bayerischer Rundfunk irrati kateari egindako adierazpenetan esan duenez. Gaineratu duenez, erasotzaileak "ehunka euro gutxi batzuk" ordaindu zituen Glock semiautomatikoaren truke.

Oraindik argitzeke dago erasotzaileak berak aldatu ote zuen arma eta adituak berau aztertzen ari dira. Serie zenbakia ezabatua du eta horrek armaren trazabilitatea zailtzen du. Halaber, argitzeke dago erasotzaileak nola lortu ote zituen 9 milimetroko 300 balak; horietako batzuk Municheko Olympia merkatal zentroan egindako erasoan erabili zituen.

Urtebete zeraman erasoa prestatzen

Robert Heimberger Bavariako Fiskaltzako presidenteak iragarri duenez, Municheko tiratzaileak urtebete zeraman tiroketa prestatzen. Nerabe batek 2009an 15 pertsona hil zituen Winnenden udalerriko ikastetxea bisitatu zuen duela urtebete eta, antza, orduan hasi zen eraso prestatzen. Hala ondorioztatu dute 18 urteko alemaniar-irandarraren etxea miatu ostean.

Poliziak guztiz baztertu du erasotzaileak tiroketa gauzatzeko laguntzaileren bat izan duenik; izan ere, erasoaren tokian aurkitutako jaurtigai guztiak tiratzailearen armarenak edota polizienak dira. Halaber, Poliziak ziurtatu du oraingoz ez dutela frogarik erasotzaileak bere biktimak aurrez aukeratu zituela esateko.

Ali David Sonbolyk eskola jazarpena pairatu zuenaren hipotesia indarra hartzen ari da. Dena den, Fiskaltzaren iturriek baieztatu dutenez hildakoak hiru turkiar, hiru kosovar, greziar bat eta bi alemaniar dira eta bederatzi horietako inor ez zen tiratzailearen ikaskidea.

Tratamenduan zegoen depresioagatik eta antsietateagatik

Alemaniako Fiskaltzak berri eman duenez, Municheko tiratzaileak "fobia soziala" zuen eta tratamenduan zegoen depresioagatik eta antsietateagatik. Halaber, haren etxean botikak aurkitu dituzte, baina ez dakite horiek hartzen ari zen ala ez.

2015ean bi hilabetez ospitaleratuta egon zen eta orain "fobia soziala"ren aurkako tratamenduan zegoen, antza, pertsonekin harremanetan egoteak antsietatea eragiten ziolako.

Municheko tiratzailearen aitak Polizia ohartarazi zuen semea bideo batean ezagutu ondoren

Municheko tiratzailearen aitak semea ezagutu zuen erasoari buruz interneten eskegitako bideo batean eta Polizia ohartarazi zuen. Robert Heimberger Bavariako Fiskaltzako presidenteak kazetarien aurrean azaldu duenez, tiratzailearen aita polizia-etxe batera joan zen bere susmoen berri emateko.

Bestalde, tiratzailearen lagun bat atxilotu du Municheko Poliziak. Atxilotua 16 urteko afganiar bat da, eta preso hartu dute, tiratzailearen asmoak ezagututa ere, ez zuelako horren gainean Polizia ohartarazi.

Poliziaren arabera, Facebooken bitartez tiratzaileak antolatutako hitzordua prestatzen lagundu zuen lagun horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak