Mundua -
Alemania
Municheko tiroketak armen kontrolari buruzko eztabaida piztu du
Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministro eta Sigmar Gabriel Ekonomia ministroak armen kontrolari buruzko legeak berrikustea eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Municheko tiroketaren ondoren, armen kontrolari buruzko eztabaida piztu da Alemanian. Ali David Sonboly izeneko 18 urteko alemaniar-irandar batek 9 pertsona hil eta beste 35 zauritu zituen ostiralean eta zauritu horietako hiruk larri jarraitzen dute.
Buru arazoak zituen eta aurrekaririk ez zuen Ali David Sonboly erasotzaileak hilketak egiteko erabili zuen pistola nola lortu zuen argitu beharko du ikerketak. Poliziaren arabera, litekeena da Ali David Sonbolyk pistola merkatu beltzean erosi izana; izan ere, hilketak egiteko erabilitako pistolak ez du lizentziarik eta serie zenbakia ezabatuta dauka.
Bild am Sonntag egunkariari egindako adierazpenetan, Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroak adierazi du armen kontrola hobetzeko aldaketarik egin behar den ala ez aztertu beharko dela behin Ali David Sonbolyk erabilitako pistolak egindako bidea argitzen denean.
Sigmar Gabriel Alemaniako Ekonomia ministroa ere ildo beretik mintzatu da eta Funke taldeko egunkariei egindako adierazpenetan esan du beren esku dagoen guztia egin behar dutela armetarako sarbidea mugatzeko.