Mundua -
Tiroketa Munichen
Merkel: 'Estatuak segurtasuna eta askatasuna babestuko ditu'
Segurtasun batzordearen bileraren ondoren egindako adierazpen instituzionalean, Municheko tiroketaren atzean zer dagoen argituko duela baieztatu du Alemaniako kantzillerrak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alemaniako estatua bere esku dagoen guztia egiten ari da herritarren segurtasuna eta askatasuna babesteko, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak azaldu duenez. Halaber, atzo Munichen izandako tiroketak eta antzerako erasoek sortzen duten ahultasun sentsazioarekiko "ulerkor" agertu da.
Segurtasun batzordearen ezohiko bileraren ondoren egindako adierazpen instituzionalean, Municheko tiroketaren atzean dauden benetako arrazoiak argituko dituztela ziurtatu du Merkelek. Gainera, astelehenean Alemania hegoaldeko tren bateko bidaiariei aizkora batekin eraso egin eta bost lagun zauritu zituen 17 urteko afganiarra erasoa egitera zerk bultzatu zuen aztertuko dutela ere azpimarratu du.
"Izua nagusitu zen arratsalde-gau partean", adierazi du Merkelek atzo Munichen izandako tiroketaren harira. Munichekoaz gain, azken egunetan Europan izandako erasoak gogoan izan ditu, hala nola, uztailaren 14ko Nizako atentatua eta astelehenean errefuxiatu afganiar batek Alemaniako tren batean egindako erasoa.
Segurtasun indarrek egindako lana goraipatu ostean, horiek herritarrak babesteko lan egiten dutela nabarmendu du. Gainera, erasoak "gutako edonor egon zitekeen tokian" egin dituztela esan du Alemaniako kantzillerrak.
Herritarrek ziur ote dauden galdetzea ulergarria dela adierazi ondotik, Merkelek eskerrak eman dizkie Municheko operazioan parte hartu zuten guztiei eta, aldi berean, eskerrak eman ditu mundu osotik jasotako elkartasun mezuengatik. "Ona da biolentziaren eta terrorismoaren kontrako borrokan zuen elkartasuna dugula jakitea", azpimarratu du.
Bestalde, Merkelek elkartasuna adierazi die biktimen senideei: "Zuen mina partekatzen dugu. Gure gogoa zuekin dago eta zuekin batera sufritzen ari gara". Halaber, ahalik eta azkarren eta erabat sendatzea opatu die zaurituei.