Mundua -

Tiroketa Munichen

Ez dute loturarik ikusi Municheko erasotzailearen eta ISISen artean

Municheko Fiskaltzaren aburuz, atzo Alemaniako hiri horretako merkatalgune batean izandako tiroketa eromenezko une batean egindako ekintza baten ondorioz jazo zen.

Eraso masiboengatik obsesionatuta zegoen Municheko tiratzailea

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Poliziak baztertu egin du Munichen ostiralean izandako tiroketak Estatu Islamikoarekin edota azken aldian izandako migrazio-oldearekin loturarik izatea. Horrenbestez, agintariek esku artean duten hipotesi nagusiak ez du "arrazoi politikorik" ikusten atzoko gertakarian; aitzitik, Municheko Fiskaltzaren aburuz, atzo hiri horretako merkatalgune batean izandako erasoak erotasun-ekintza baten ondorioz jazo zen.

Hubertus Andrae Municheko Poliziaren arduradunak prentsaurrekoan baieztatu duenez, Ali David Sonboly 18 urteko tiratzaile bakarrak bederatzi pertsona hil eta 27 zauritu zituen, horietako 10 larri egonik. Antza denez, gazteak (zeinaren nortasuna ez duten jakitera eman) bere buruaz beste egin zuen buruan tiro eginda, nahiz eta oraindik ere 300 bala zituen tiro egiten jarraitzeko.

Segurtasun indarrek susmagarriaren etxebizitza miatu dute larunbat honetan. Gaztea Munichen jaio eta bizi izan zen, nahiz eta jatorri irandarra izan. Poliziako arduradun baten arabera, miaketan zehar terrorismoarekin zerikusirik izan ez zuten aurretik jazotako beste hainbat tiroketari buruzko informazio ugari aurkitu dute.

"Eromenezko ekintzak"

Horren harira, agintariek baieztatu egin dute informazio asko bildu zuela bereizkuntzarik gabeko beste tiroketa batzuk eragin zituzten eromenezko "beste ekintza batzuei buruz". Besteak beste, Winnenden (Alemania) herriko institutuan 2009an 15 biktima eragin zituen sarraskiari buruzko informazioa zeukan.

Horrez gain, Anders Behring Breivik norvegiarrak, justu duela 5 urte 77 pertsona erail zituenak, berarengan izan zezakeen ustezko eragina ere ikertzen dabiltza.

Norbait "eraso masiboen inguruan" hain gogotsu interesatzen denean, ziur Breivikek ere zerikusirik izan duela", aitortu du" Andraek. Izan ere, atzo bete zen Oslo eta Utoyako sarraskien bosgarren urteurrena.

Aipatutakoez gain, ikertzaileek atzemandako material informatiko "ugari" aztertu behar dute, baina orain arte ez dute Estatu Islamikoari buruzko aipamenik aurkitu. Datu gehiago eskuratzea espero dute gaztearen inguruko pertsonei egindako elkarrizketetatik, eta gaztearen mediku-iragana ere ikertzen ari dira, izan ere tratamendu psikiatrikoren bat jaso izango zukeen.

Facebookeko kontu faltsua

Sonboly Facebookeko kontu batean sartu zen pasahitza 'pirateatu' ondoren, eta ezagunei hanburgesa bat erosiko ziela agindu zien 16:00etan merkatalguneko hanburgesategian agertzen baziren. Poliziak uste du ondo ezagutzen zituela inguruak, baina ez zen tiroka hasi hitzordua heldu eta bi ordu igaro arte.

Polizia ikertzen ari den alderdi ilunenetako bat da ea nola lortu zituen Sonbolyk pistola bat eta horrenbeste munizio; izan ere, azken urteetan Alemanian asko gogortu da armak eduki ahal izateko araudia. Ikertzaileak pistolaren jatorria zehazten saiatzen ari dira, serie-zenbakia ezabatuta baitzeukan, eta, ondorioz, zalantzazkoa da bere legezkotasuna. Gainera, erabiltzaileak ez zeukan arma-baimenik, lehendabiziko datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania argazkiak Estatu Islamikoa Gaurko azken ordukoa