Mundua -

Tiroketa Munichen

Alemaniar-irandar batek 9 pertsona hil ditu Munichen, tiroketa batean

Halaber, 21 pertsona zauritu ditu, horietako hiru larri, eta gero bere buruaz beste egin du. Erasoaren zergatiak argitzeke daude oraindik.

Normaltasunera itzuli nahian dabiltza Munichen

4:07

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 urteko alemaniar-irandar batek 9 pertsona hil -horietako 3 larri- eta beste 21 zauritu ditu Municheko (Alemania) Olympia merkataritza-gunean arratsalde honetan jazotako tiroketa batean, Alemaniako agintariek egindako azken balantzearen arabera.

Erasoaren ondoren, gazteak bere buruaz beste egin du. Hubertus Andrä Municheko Poliziako buruak berri eman duenez, erasotzaileak ez zuen aurrekaririk eta Munichen bizi zen. Halaber, Poliziak ez du gaztea talde terroristekin lotzen duten frogarik aurkitu.

Tiroketaren eta astelehenean Bavierako tren batean izandako erasoaren arteko antzekotasunez galdetuta, Poliziak zehaztu du oraingoz ez dutela inolako antzekotasunik topatu.

Hubertus Andrä Municheko Poliziako buruaren esanetan, tiroketaren bueltan lanean ari dira eta oraingoz ezin dute aurreratu atentatua izan den edo "erokeria ekintza" bat; izan ere, erasoaren zergatiak argitzeke daude oraindik. Polizia erasotzailearen ingurua ikertzen ari da.

Tiroketa 17:50 aldera hasi da hanburgesak saltzen dituzten saltoki batean eta, gerora, alboko merkataritza-gunera zabaldu da eta bigarren gune horretan tiroak izan dira erasotzailearen eta Poliziaren artean. Hirian kezka eta egonezina izan dira nagusi, harik eta goizaldeko ordubietan alarma egoera bertan behera utzi duten arte.

Hasiera batean tiroketan hiru erasotzailek parte hartu dutela zabaldu bada ere, informazio hori gezurtatu dute agintari alemaniarrek. Poliziaren esanetan, tiroketa izan den tokitik abiada handian, autoz, irten diren bi lagun ikertu dituzte; alabaina, erasoarekin inolako zerikusirik ez zutela egiaztatu ei dute.

Izandako nahasmena tarteko, toki publikoetatik alde egiteko eta etxean geratzeko eskatu die Poliziak herritarrei.

Metro zerbitzua eta gainerako garraio publikoak etenda egon dira hainbat orduz eta, behin alarma egoera bertan behera gelditu denean -goizaldeko ordubietan-, berrezarri dituzte. Halaber, Municheko geltokia jendez hustu dute eta ibilgailurik ez hartzeko eta errepideak eta autobideak libre uzteko eskatu dute agintariek.

Alemaniako Gobernuak dolu eguna izendatu du. Thomas de Maizier Alemaniako Barne ministroak larunbata herrialde osoan dolu eguna izatea agindu du, Barne Sailak Twitter bidez berri eman duenez. .

Segurtasun Batzordearen bilera

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ezohiko Segurtasun Batzordea deitu du larunbaterako eta berarekin bilduko dira, besteak beste, Alemaniako Defentsa, Atzerri, Justizia eta Finantza ministroak.

Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroa oporretan, hegazkin batean, Ameriketako Estatu Batuetara bidean harrapatu du erasoak.

Alemanian alerta egoera dauden astelehenetik, 17 urteko errefuxiatu pakistandar batek aizkora batez Bavariako tren bateko bidaiariei eraso egin ostean. Alemaniako Gobernuak atentatu gehiago izan zitezkeela ohartarazi zuen orduan.

Merkelen kabinetearen buruak ohartarazten du ezin dela hipotesirik baztertu

Peter Altmaier Angela Merkel kantzilerraren kabineteburuak ohartarazi du ezin dela "hipotesirik baztertu" tiroketaren gainean.

"Ez dugu hipotesirik baztertu", baieztatu du Altmaierrek, ARD telebista publikoan, non laburbildu duen nola doan erasoari buruzko ikerketa. Oraingoz, ezin da baztertu terrorismoa izatea, baina ez dago baieztatzerik. "Hau eraso krudela da, gure pentsamenduak biktimekin daude", gehitu du.

Poliziak, aldiz, onartu du hiria "mehatxu terrorista larripean" dagoela, baina nabarmendu du ez dagoela zantzurik ondorioztatzeko eraso jihadista denik.

Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Kanpo-arazoetarako ministroak zehaztu duenez, "zantzu kontraesankorrak" daude, tiroketaren atzean dauden arrazoien gainean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania albisteak Eguneko albisteak