Mundua -

Immigrazioa

22 hilotz berreskuratu dituzte gomazko txalupa batetik, Mediterraneoan

21 emakumezko eta gizonezko bat dira hildakoak. Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) elkarteak beste 209 pertsona bizirik erreskatatu ditu.

Meditarrenoan egindako aurreko erreskate baten irudia. Argazkia: Guardia Costiera Italiana
Meditarrenoan egindako aurreko erreskate baten irudia. Argazkia: Guardia Costiera Italiana
Meditarrenoan egindako aurreko erreskate baten irudia. Argazkia: Guardia Costiera Italiana

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) elkarteak 21 emakumeren eta gizonezko baten hilotzak berreskuratu ditu asteazken honetan Mediterraneo itsasoan, immigrantez beterik zegoen gomazko txalupa batetik.

Gobernuz kanpoko erakundeak zabaldu duenez, Aquarius salbamendu ontziak 209 pertsona bizirik aurkitu ditu bi txalupatan. Horien artean, bakarrik bidaiatzen ari ziren 50 haur eta haurdun dauden bi emakume daude. Aipatu ontzian, SOS Méditerranée elkartearekin batera ari dira elkarlanean MSF elkartekoak.

"Gure taldea lehendabiziko txalupara gerturatu denean, hilotzak ikusi dituzte itsasontziaren hondoan, gasolina putzu batean", esan du Jens Pagotto MSFko bilaketa eta erreskate operazioetako arduradunak.

"Bizirik atera direnek orduak eta orduak eman dituzte itsasontzi barruan hilotz horiekin. Asko hain daude traumatizatuta, ezen jasan behar izan dutenaz hitz egiteko gai ere ez diren", gaineratu du. Pagottoren esanetan, oraindik ez dakite nola hil diren horiek.

"Zenbat bizitza gehiago galdu behar ditugu itsasoan laguntza eta babesa behar duen jendeak aukera seguruagoa izan arte?", galdegin du Pagottok.

MSFk adierazi duenez, Italiako Armadak 48 pertsona ontziratu ditu bere itsasontzietako batean.

Urte hasieratik hona, 80.000 immigrante inguru iritsi dira Italiara, eta beste hiru mila hil dira horretan saiatzen ari zirela, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioaren albisteak Gaurko azken orduko albistea GKEen albisteak Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?