Mundua -

EUROKOPA

36 pertsona atxilotu dituzte Lillen, futbolzaleen arteko liskarretan

Frantziako Gobernuak, agiri baten bidez jakitera eman duenez, liskarretan 50 lagun zauritu ziren, eta bertaratutako larrialdi-zerbitzuek artatu zituzten.

Frantziako poliziak 37 lagun atxilotu ditu Lillen izandako istiluetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

36 pertsona atxilotu zituen, atzo, Frantziako Poliziak Lillen, Eurokopa dela eta, hiri horretara joandako futbolzaleen arteko liskarretan.

Frantziako Gobernuak, agiri baten bidez, jakitera eman duenez, liskarretan 50 lagun zauritu ziren, eta bertaratutako larrialdi-zerbitzuek artatu zituzten. Horietatik, 16 erietxera eraman behar izan zituzten.

Bestalde, segurtasun-indarrek, gutxienez, sei espediente zabaldu zituzten, astelehenean ezarritako alkohol salmentarako arauak urratzeagatik. Hainbat saltoki eta taberna itxiarazi zituzten.

Milaka futbolzale batu ziren Lillen, Errusia eta Eslovakia arteko partida ikustera. Gaurko norgehiagokak ere, Ingalaterra eta Gales artekoak, zale andana erakarri du Lens hirira. Bateko eta besteko jarraitzaile ultren artean sortu dira liskarrak. Txikizio handiak eragin dituzte hiriko hainbat tokitan.

Partiduak jarraitu ahal izateko, Lilleko hainbat gunetan pantaila handiak jarri dituzte, eta horien inguruetan, atzo, esaterako, 16.000 lagun bildu ziren Frantzia-Albania partida ikustera.

Frantziako Gobernuak segurtasun-dispositibo zabala aktibatu du, liskarrei aurre egiteko: 3.900 agente ari dira, egunotan, futbozaleak biltzen diren tokiak zaintzen.

La Voix du Nord atariaren arabera, gehienbat, ingelesak izan ziren liskarrak eragin zituztenak, Lilleko geltokiaren inguruan aurrena, eta hiriaren erdigunean ondoren.

Jarraitzaile errusiarrei eta frantziarrei aurre egin zieten ingelesek, eta elkarren artean borroka gogorrak izan zituzten.Poliziak hainbat aldiz kargatu zuen eta negarra eragiteko gasak erabili zituen, borrokan ari zirenak sakabanatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris Frantzia berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak