Mundua -
Larrialdi egoera
Frantzia, gotortuta, Eurokopa dela eta
Atentatuen beldur, 90.000 agente inguru izango dira lanean. Horrez gain, lan erreformaren kontra abiatutako protestei eta grebei eutsi diete sindikatuek.
Agentziak | Erredakzioa
Burdin jantzia jarri du Frantziak Eurokopa dela eta. Aurreneko partida, Frantziaren eta Errumaniaren artekoa (gaur, 21:00etan), Saint Denis auzoan dagoen Frantziako Estadioan izango da, azaroan Paris astindu zuten atentatu oldeen lehen jomugan.
Hilabeteko epean, ehunka mila zale espero dituzte Frantziako 10 hiritan. Jarraitzaileon eta turiston segurtasuna bermatu beharko du Frantziak, eta atentatuen mehatxupean eta lan erreformaren kontrako greben presiopean egin beharko du, gainera.
Zereginotan, 90.000 agente arituko dira: poliziak, jendarmeak, militarrak, boluntarioak eta segurtasun pribatuko langileak.
Francois Hollande Frantziako presidenteak asteon aitortu duenez, "mehatxua egon badago, eta denbora luzean egongo da. Hala, hartu beharreko neurri guztiak hartu beharko ditugu Eurokopa arrakastatsua izan dadin".
Dena dela, errealistak ere badira Frantziako agintariak. Bernard Cazeneuve Barne ministroaren hitzetan, "% 100eko babes maila ezartzeak ez du arriskua % 0an uzten".
Mehatxuari aurrea hartzeko asmotan, sakelakoetarako aplikazioa prestatu du Gobernuak. Balizko atentatuen aurrean zelan jokatu behar den azaldu eta unean uneko informazioa ematen du aplikazioak.
Zaleen guneak edo 'fan zone'ak mantentzea erabaki du Hollanderen gobernuak. Oposizioak gogor kritikatu du neurria, eremuok kontrolatzeko eta segurtasuna bermatzeko zailtasunak handiak baitira.
"Fan zoneak ez baleude, jarraitzaileak inongo ordenarik gabe pilatuko lirateke, eta arriskua biderkatu egingo litzateke", esan du Cazeneuvek. Gune horietara sartzeko araketak, metal-detektagailuak eta bestelako segurtasun neurriak ezarriko dituztela iragarri du.
Grebak eta protestak
Lan erreforma dela eta, sindikatuek Frantziako Gobernuarekin duten gatazka areagotu egingo da Eurokoparekin. Izan ere, futbol hitzordua baliatu nahi dute langileek presioa egiteko.
Mobilizazio nagusia maiatzaren 31tik abian den SNCF tren-konpainiaren greba mugagabea da. Gobernuaren esanetan, ostiral honetako jarraipena txikia izaten ari da (ia % 8koa), baina abiadura handiko trenen % 20ri eragiten dio.
Trenen zerbitzua bermatzeko "hartu beharreko neurriak" hartzeko prest agertu da Hollande. EFE
Horrez gain, larunbatetik aurrera, lau eguneko greba iragarri dute Air Franceko pilotuek. Bost zentral nuklearretan eta beste hainbeste findegitan blokeo eta lanuzteak daude. Portuetako eta zabortegietako langileak ere greban daude, baita hiri nagusietan zaborra biltzeaz arduratzen direnak ere.
Errekerimenduak
Grebek Eurokopa ikustera joango diren bidaiarien joan-etorrietan eragin ditzaketen eragozpenei buruz galdetuta, ohartarazpena egin du Hollandek. "Estatuak hartu beharreko neurriak hartuko ditu", horren esanetan, zerbitzua bermatzeko.
Ildo beretik mintzatu da gaur Alain Vidalies Garraioen Estatu idazkaria. Iragarri duenez, Frantziako Gobernuak errekerimenduak bidaliko dizkie grebalariei lanera bueltatzeari "beharrezko" irizten badio.
Vidaliesen aburuz, "tren edo aire garraioko langileak hitzordu handi honen kontra azaltzen badira, Frantziaren eta frantsesen kontra ariko dira".