Mundua -

DENBORALEA

Gutxienez 15 lagun hil dira Frantzian eta Alemanian, uholdeen ondorioz

Iragarpenen arabera, orduek aurrera egin ahala denboralea Frantzia ipar-ekialderantz igaroko da. Hori dela eta, Ruan edota Giverny herri historikoak alertan daude.

Paris, atzo. EFE.
Behera egin du apur bat Parisen Sena ibaiaren ur-mailak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian eta Alemanian gutxienez 15 pertsona hil dira, gehienak adinekoak, eta bost desagertuta daude, joan den asteazkenaz geroztik bi herrialdeok astintzen ari den denboralearen ondorioz.

Frantzian, gutxienez, 4 hildako eta 24 zauritu utzi dituzte uholdeek, Manuel Valls lehen ministroak jakitera eman duenez.

Frantziako Gobernuko Barne Ministerioak krisi kabinetea bildu du goizean, eta bileraren ostean egin ditu adierazpenak Vallsek, hedabideen aurrean.

Lehen ministroaren arabera, 20.000 baino gehiago atera dituzte euren etxeetatik azken egunotan, gehienak -17.500 pertsona- Paris inguruan.

Parisen, bestalde, alerta laranja ezarri dute agintariek. Sena ibaia 6 metroko mailara iritsi da bart, 1982tik harrapatu duen maila altuena. Hiriko bi museo bisitatuenak, Louvre eta Orsay museoek euren bildumak lekuz aldatu dituzte eta asteburu osoan itxita egongo dira. Halaber, Frantziako hainbat gunetan errepideak itxi eta tren zerbitzua eten behar izan dituzte.

Manuel Vallsek gaur jakinarazi duenez, goizaldean Sena ibaiak maila gorena eskuratu du eta hortik aurrera, pixkanaka, jaisten ari da: "Dirudienez, baretzen ari da, baina egunak beharko dira normaltasunera itzultzeko".

François Hollande Frantziako presidenteak iragarri duenez, datorren astean egingo den Ministroen Kontseiluak hondamendi-gune izendatuko ditu toki kaltetuenak, eta egoeraren araberako diru-laguntzak bideratzen hasiko da. Ile-de-France eskualdean soilik hondamendi eremu izendatzeko 300 eskari inguru jaso ditu Frantziako Gobernuak. Gainera, AFA Aseguruen Frantziako Elkarteak emandako datuen arabera, kalte materialak 600 milioi eurotik gorakoak izango dira.

Bestalde, Anne Hidalgo Parisko alkateak lasaitasunerako deia egin die herritarrei,  bere hitzetan, "okerrena pasatu eta egoera egonkortu" delako. Dena dela, "Udala adi" egongo dela esan du, oraindik euri-jasa gogorrak espero direlako.

Adituen arabera, 1873tik ez da halako euriterik izan Parisen. Oraingoz, agintarien arabera, Frantziako hiriburuan ez da arazorik gas eta argindar sareekin.

Orduek aurrera egin ahala denboralea Frantzia ipar-ekialderantz igaroko da. Hori dela eta, Ruan edota Giverny herri historikoak alertan dira. Azken egunotan baino euri gutxiago egingo badu ere, asteburuan ere bustiko du.

Alemania

Alemania ere gogor astindu du denboraleak, eta, azken datuen arabera, gutxienez, 11 hildako utzi ditu. Kalte materialak, berriz, ehunka milioitakoak direla esan dute agintari alemaniarrek.

Azken orduotan denboralea baretu egin da, baina hango zerbitzu meteorologikoek iragarri dutenez, oraindik, ekaitz arriskua gogorra da.

Joan den asteburuan, Baden- Wurttemberg eskualdean lau lagun hil ziren. Baviera inguruan, bestalde, gutxienez sei hildako zenbatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris Alemania bideoak Frantzia bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Uholdeak