Mundua -
Tragedia Mediterraneoan
Etorkinen 117 gorpu erreskatatu dituzte Libian
Zuarako (Tripolitik 120 kilometrora) herritarrek Poliziari abisua eman ondoren, gorpuak erreskatatzen hasi direla azaldu du Ilargi Gorriak.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 117 etorkinen gorpuak aurkitu dituzte Libiako kostaldean, Zuaran, Tripoli hiriburutik 120 kilometro mendebaldera, Ilargi Gorriak Facebook sare sozialean jakitera eman duenez.
Zuarako herritarrek Poliziari abisua eman ondoren, gorpuak erreskatatzen hasi direla azaldu du Ilargi Gorriak.
Erreskate operazioa atzo egin zuten, segurtasun indarrekin eta ikertzaile kriminalarekin lankidetzan, Ilargi Gorriak erantsi duenez.
Hondartza bateko gorpuen irudiak argitaratu ditu Ilargi Gorriak Facebooken. Gorpuak zaku zurietan sartu dituzte anbulantzian eramateko.
Hildakoen nortasunaren, adinaren eta herritartasunaren inguruko xehetasunik ez du eman Ilargi Gorriak.
Gorpuak Zuaran (Libia). Argazkia: EFE
Afrikatik eta Asiatik Europara Mediterraneoa gurutzatuz heldu nahi diren milaka pertsona ontziratzen dira Libian, baina askotan ontziak itsasoan hondoratzen dira.
NBEren arabera, Libian edo Turkian ontziratu diren 2.510 pertsona hil dira Europara itsasoz heltzeko saiakeran 2016an.
Gorpuak zaku zurietan sartu dituzte anbulantzian eramateko. Argazkia: EFE