Mundua -
Greba orokorra
Hiru pertsona hil dira Atenaseko istiluetan
Molotov koktel baek piztutako suaren ondorioz hil dira. Papandreou atsekabetuta azaldu da heriotzekin, eta "ekintza hiltzailea" izan dela salatu du.
Erredakzioa
Hiru pertsona hil dira gaur Atenaseko banketxe batean izandako sutean, Greziako Gobernuak hartutako neurri ekonomikoen kontrako manifestazio batean parte hartzen ari zen manifestari batek jaurtitako molotov koktelaren ondorioz, Poliziako iturriek jakinarazi dutenez. Greba orokorra egiten ari dira Grezian Gobernuaren aurrezteko neurriak salatzeko. 100.000 lagun inguru atera dira kalera.
Sutearen ondorioz, 24 pertsona inguru harrapatuta geratu dira Banco Marfinen bulego batean, Greziako hiriburuaren erdialdean.
Aipatu iturrien arabera, suhiltzaileek atera dituzte banketxean harrapatuta geratu direnak. Ustez, molotov koktel batek piztu du sua.
Segurtasun indarren eta manifestarien arteko liskarren erdigune bilakatu da gaur Atenas. Istiluen kontrako poliziek negarra eragiteko gasa eta zarata bonbak jaurti dituzte.
George Papandreou Greziako lehen ministroak plan ekonomikoa aurkeztu zuen atzo, 30.000 milioi euro aurreztea helburu duena, soldatak eta pentsioak murriztuz eta BEZa igoz.
Papandreou
George Papandreou Greziako lehen ministroa atsekabetuta azaldu da hiru herritarren heriotza dela-eta.
"Hiru lagun horien heriotza bidegabea dela-eta oso atsekabetuta gaude, gure herrikideak eta ekintza hiltzaile baten biktimak izan zirelako", adierazi du Papandreouk Parlamentuan. Era berean, hiltzaileak Justiziaren aurrera eramango dituztela agindu du agintariak.