Mundua -
Bruselako atentatua
Bruselako aireportuko instalazio guztiak berriz ere martxan
Brusela-Zaventem nazioarteko aireportuak ostegun honetan jarriko du berriro martxan joan martxoaren 22an izandako atentatuagatik kalteak jasan zituen irteeren terminala.
Agentziak | Erredakzioa
Brusela-Zaventem nazioarteko aireportuak ostegun honetan zabalduko du berriro joan martxoaren 22an izandako atentatuagatik kalteak jasan zituen irteeren terminala. Horrek, batetik, ahalmen guztiarekin jardutea ahalbidetuko dio, eta, bestetik, aparkaleku batean jarritako behin-behineko azpiegitura ixtea. Azpiegitura horretan oraindik ere hogei bat hegazkin-konpainiak egiten zituzten fakturazio-lanak.
Aireportu berak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "bidaiari guztiek irteeren terminalean fakturatu ahal izango dute; aireportuak bere zereginen egunerokotasunari heltzen dio berriz ere, atentatuak izan eta bi hilabete eta erdi baino pasatu ez direnean".
Irteeren terminalak bere jardueren zati bati ekin zien apirilaren 3an; alabaina, 21 hegazkin-konpainiak euren fakturazio-lanak aireportuko aparkaleku gune batean ireki zen behin-behineko terminalean egiten zituzten oraindik ere.
Ostegun honetatik aurrera, airelinea horiek irteeren terminaleko behin betiko instalazioetan barneratuta geratuko dira. Terminal hori eraberritu egin da, eta beste bi fakturazio-lerro gaineratu dizkiote.
Aipatu aldaketa horiekin espero da Bruselako aireportutik bidaiatzen duten bidaiariek gehienez 60 minutu beharko dituztela aireportuan sartu eta euren hegazkinean ontziratzeko atera iristen diren arte.
Aireportuan orduero 28 hegaldi kudeatzen dira, eta maiztasun hori areagotzeko asmoa dute arduradunek, udako goi-denboraldian izan ohi dituzten orduko 44 hegaldira iritsi arte.
Normaltasunera bueltatzeak aireportuak dituen autobus-eta tren-geltokietan ere isla izango du; izan ere, bertarako sarbide zuzena itxita egon da segurtasun-arrazoiak eta konpontze-lanak direla-eta.