Mundua -
Irak
Tropa kurduek Mosul inguruko bederatzi herri askatu dituzte
Gainera, Mosul hiria berreskuratzeko balizko erasoaren aurreko pausoa izan daiteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Peshmerga indar kurduek iragarri dutenez, Estatu Islamikoaren menpe zeuden Mosul hiriaren (Irak) inguruko bederatzi herri askatu dituzte.
Arif Taifur peshmerga indar kurduen fronteko komandanteren esanetan, Estatu Islamikoaren eta indar kurduen arteko borroketan 140 jihadista eta 4 kurdu hil dira.
Rudaw telebista kate kurduaren arabera, berreskuratu dituzten Irakeko herriak hauek dira: Mufti, Gran Zarajatun, Pequeño Zarajatun, Tullaban, Wardak, Gazakan, Gran Tal Asuad, Chamakor eta Kalabor.
"Orain arte Estatu Islamikoaren menpe zeuden herri horietan kakei eta shabak gutxiengo kurduak bizi dira. Oso garrantzitsua zen hiri horiek berreskuratzea errefuxiatuek beren lurretara itzultzeko aukera izan dezaten", azpimarratu du Taifurrek.
5.000 soldadu kurdu eta Zeravani indar berezietako kideek parte hartu dute aipaturiko erasoan eta Mosul hiria berreskuratzeko balizko erasoaren aurreko pausoa izan daiteke.
Duela hilabete batzuk hasi ziren Irakeko bigarren hiri garrantzitsuena den Mosul askatzeko erasoa prestatzen Irakeko armada, milizia aliatuak, peshmerga tropa kurduak eta AEB buru duen nazioarteko koalizioa.