Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Greziak jendez hustu du Idomeni, Ellinikon gauza bera egin aurretik
"Elliniko itxi egingo da. Ezin dizuet esan noiz. Baina gure hurrengo ekintza Elliniko jendez hustea izango da", esan du Politika eta Immigrazio ministroak.
Greziako Idomeniko errefuxiatuen kanpalekua, Mazedoniako mugaren ondoan dagoen kanpalekua, jendez hustu dute guztiz. Atenasko agintariek azpimarratu dute "oinarrizko gizatasun printzipioetan oinarrituta" egin dutela operazioa.
3.817 errefuxiatu eta migratzaile autobusetan eraman dituzte Idomenitik Tesalonikako kanpalekuetara, hiru egun iraun duen operazio batean, eta beste 3.000 euren kabuz joan dira, beste kanpaleku batzuetan harrapatuta geratzeko beldurrez.
Hala ere, Nikos Toskas Herritar Alternatiboen Babeserako ministroak esan du "antolatutako zentroetan" kokatuko dituztela aurki, Khatimerini egunkariak jasotako adierazpenen arabera.
Kanpalekua utzi dutenetako askok trenbidearen gainean jarri dituzte kanpadendak, protesta gisa.
Elliniko
Idomeniko kanpalekua itxi ostean (aste honen hasieran 8.500 pertsona zeuden bertan, baina 12.000 ere egon dira aurretik), Ellinikoko kanpalekua ixteari ekingo diote, Atenasen.
Yiannis Mouzalaz Immigrazio Politikako ministro greziarraren arabera, Ellinikoko baldintzak ez dira "desegokiak", baina onak ere ez dira, eta "ez dira errefuxiatuentzat eta migratzaileentzat nahiko genituzkeenak".
Mouzalasek Parlamentuan esan duenez, kanpalekua jendez husteko prozesua "lehentasunezkoa" da. "Elliniko itxi egingo da. Ezin dizuet esan noiz. Baina gure hurrengo ekintza Elliniko jendez hustea izango da", adierazi du ministroak.