Mundua -

Idomeniko kanpalekua

Grezia Idomeniko errefuxiatuen kanpalekua jendez husten hasi da

Gunea erabat husteko astebete inguru beharko dutela aurreikusten dute. Greziako beste harrera zentro batzuetara eramango dituzte errefuxiatuak.

Grezia Idomeniko errefuxiatuen kanpalekua jendez husten hasi da. Artxiboko irudia: EFE
Grezia Idomeniko errefuxiatuen kanpalekua jendez husten hasi da. Artxiboko irudia: EFE
Greziako leku seguru batera eraman nahi dituzte Idomeniko errefuxiatuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Polizia Idomeniko errefuxiatuen kanpalekua jendez husten hasi da gaur goizean, Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugan, bertako hedabideek berri eman dutenez. Gaur egun, 8.000 errefuxiatu inguru daude Idomenin.

Kazetariei kanpalekuan sartzea eragotzi diete, eta Greziak 1.400 polizia inguru bidali ditu Idomenira errefuxiatu gunea husteko. Errefuxiatu gehienak oraindik ere kanpalekuan badaude ere, bertan bizi direnetako asko autobusetan sartu dituzte harrera zentroetara eramateko, The Toc hedabide greziarraren arabera.

Lehenik eta behin errepide ondoko gunea husten hasi dira. Greziako Gobernuak esan du ebakuazioa "normaltasunez" egiten ari direla eta astebeteko epean Idomeniko kanpalekua osorik hustuko dutela espero dutela.

Hala ere, George Kyritsis ebakuazioaren koordinaziorako bozeramaileak zehaztu duenez, hamar egun inguru beharko dituzte errefuxiatu gunea erabat husteko eta horiek harrera zentroetara eramateko. "Hau ez da garbiketa poliziala. Gunea egun batean hustu beharrean, migrazio prozesu patxadatsua gauzatuko dugu", azpimarratu du.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroaren Gobernuak Idomeniko errefuxiatuak herrialdeko harrera zentroetara eraman nahi ditu. Gobernuak istiluak eragozteko agindua eman dio Poliziari, aitzitik, azken asteotan tentsio uneak bizi izan dira inguruan.

4.000 ume arriskuan

Bestalde, Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ohartarazi du 4.000 bat haur errefuxiatu babesik gabe gera litezkeela Idomeni Grezian dagoen kanpalekua hustu ondoren.

Gainera, GKEaren arabera, bertan egon diren 12.000 errefuxiatu eta migratzaileetatik % 40 umeak dira.

Haurrak arriskuan egotea saihesteko, Save the Childrenek husteko prozesua eta lekualdaketa ziurtatzeko eskatu die Greziako agintariei, bereziki bakarrik bidaiatzen duten haurren kasuetan.

Idomeniako errefuxiatuen kanpamendua 6 Argarkia: efe

(Idomeniko kanpalekua jendez husten ari dira. Argazkia: EFE)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Europa Greziako albisteak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan