Mundua -
Itsasoan eroritako hegazkina
EgyptAir konpainiako hegazkinak ke alerta igorri zuen erori aurretik
Hala ere, ikertzaile frantziarrek adierazi dute hori ez dela nahikoa hipotesiak baztertzen hasteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maiatzaren 19an Mediterraneoan erori zen Egyptair konpainiako hegazkinak ke alerta igorri zuen, kabina barruan kea zegoela ohartaraziz, Mediterraneo itsasora erori aurretik, Frantziako ikertzaileek baieztatu dutenez.
"Aparatuko sentsoreek mezuak igorri zituzten kabina barruan kea zegoela ohartaraziz, komunikazioak eten baino pixka bat lehenago. Informazio hori baieztatu dezakegu", adierazi du BEA Frantziako abiazio zibilerako ikerketa eta analisirako bulegoko bozeramaile batek adierazi duenez.
Ke seinale horiek modu automatikoan igortzen dira ACARS izeneko sistema baten bitartez, bozeramaileak azaldu duenez.
The Aviation Herald webguneak zabaldu du gaur goizean informazioa eta ondoren etorri da Frantziako agintarien baieztapena. Dena den, adierazi du oraingoz goizegi dela ezbeharraren zergatiak zehazteko.
Bozeramailearen esanetan, kearen presentziak sua izan zela adierazten du, baina hori ez ei da nahikoa hipotesiak baztertzen hasteko. "Hegazkinaren zatiak aurkitu arte ezinezkoa izango da ezbeharraren zergatiak zehaztea".
Paris eta Kairo arteko bidea egin behar zuen Egyptair konpainiako hegazkina Mediterraneo itsasora erori zen, radarretatik desagertu eta abiadura handian altuera galdu ostean. Oraingoz agintariek ez dute hipotesirik baztertzen, ez eraso terroristarena eta ezta akats teknikoarena ere.
The Aviation Herald webgunearen arabera, ACARS sistemak kea antzeman zuen hegazkineko komunetan 02:26an (00:26 GMT ordua) eta, minutu bat geroago, beste mezu bat igorri zuen sistema elektronikoetatik kea zetorrela ohartaraziz. Azken mezua 02:29an (00:29 GMT ordua) bidali zuen eta 02:33an kontaktua galdu zen.
Egiptoko Indar Armatuek Egyptair hegazkineko bidaiari baten gorpuzki zati bat, bi eserleku eta maleta batzuk aurkitu zituzten atzo, Alejandria hiritik 290 kilometro iparraldera.
Bilaketa eta erreskate lanetan dihardute eta Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Grezia parte hartzen ari dira, besteak beste.