Mundua -
66 pertsona zeramatzan
Paris eta Kairo lotu behar zituen hegazkin bat radarretik desagertu da
Airbus A320 hegazkinaren MS804 hegaldia Charles de Gaulle aireportutik abiatu eta Egiptoren aireko espazioan sartu ondoren desagertu dela uste du EgyptAir konpainiak.
Agentziak | Erredakzioa
66 pertsona zeramatzan hegazkin bat radarretik desagertu da goizaldean, EgyptAir airelineak jakitera eman duenez. Hegaldia Paris-Kairo ibilbidea egiten ari zen.
EgyptAir konpainiak sare sozialetan argitaratu duen agiri labur batean azaldu duenez, Airbus A320 hegazkinaren MS804 hegaldia Pariseko Charles de Gaulle aireportutik abiatu zen asteazken arratsaldean eta Kairoko nazioarteko aireportua iritsi behar zen ostegun goizaldean.
Hala ere, non dagoen ez dakite radarretik desagertu delako.
Hegazkina Egiptoren aireko espazioan sartu ondoren desagertu dela uste du EgyptAir konpainiak.
Hegazkinaren seinalea Egiptoren aireko espazioan kilometro bat sartu ondoren galdu dute radarrek. Hegaldia desagertu den unean 11.000 bat metroko altitudean hegan egiten ari zela erantsi dute.
Ikerketa eta erreskate taldeek hegazkina bilatzeari ekin diote dagoeneko, EgyptAir konpainiak baieztatu duenez.
Egiptoko Armadako ontzi eta hegazkinak parte hartzen ari dira bilaketa lanetan, Mediterraneoan, Armadako bozeramaile batek zehaztu duenez.
Greziako buruzagiak ere laguntzen ari dira, erantsi duenez.
EgyptAir hegaldi bat Dubain lur hartzen. Argazkia: EFE
Konpainiaren ahotan, hegazkinean zazpi tripulatzaile eta segurtasuneko hiru kide zihoazen. Era berean, hegaldiak 57 bidaiari zeramatzan, horien artean, mutiko bat eta bi haurtxo, EgyptAirek sare sozialetan argitaratu duen agiri batean azaldu duenez.
30 bidaiari egiptoarrak ziren eta 15 frantziarrak. Bidaiarien artean, Erresuma Batuko herritar bat, belgikar bat, irakiar bat, kuwaitar bat, saudi arabiar bat, sudandar bat, txadar bat, portugaldar bat, aljeriar bat eta kanadar bat zeudela erantsi du konpainiak agiri batean.
Hegazkina 2003an egindakoa dela eta hegaldiko kapitainak 6.275 orduko eskarmentua zuela azaldu du EgyptAirek.
Laguntza eskatu zuen
Hegazkinak laguntza eskatzeko mezu bat bidali du 04:26ean (02:26 GMT), konpainiak jakitera eman duenez. Mohamed Samir bozeramaile militarrak, ostera, "Indar Armatuek hegazkinaren laguntza eskaerarik" jaso ez dutela ziurtatu du Facebook sare sozialean.
Egiptoko aireko operazioen kontrol zentroko iturriek Al Ahram egunkariari azaldu diotenez, hegazkina desagertu baino hamar minutu lehenago izan dute azken komunikazioa, eta azken seinalea Grezia eta Egiptoren aireko espazioen arteko mugan eman du.
Abdel Fatah al Sissi Egiptoko homologoaarekin hitz egin duela iragarri du Francois Hollande Frantziako presidenteak. Frantziako agintariek “ez dute hipotesirik baztertzen”.
Frantzia bilaketan laguntzeko ontziak eta hegazkinak bidaltzeko prest dago, Jean-Marc Ayrault Atzerri ministroak iragarri duenez.
“Hegazkina aurkitzeko harreman etengabean gaude Egiptoko agintariekin”, adierazi du Ayraultek, Hollandek deitutako krisi kabinetea amaitu ondoren, Eliseon. “Egiptoko buruzagien esanetara gaude, gure hegazkin eta ontziekin, bilaketa lanetan laguntzeko”, zehaztu du.
MS804 hegaldiko bidaiarien senideak Kairoko aireportura heltzen. Argazkia: EFE
Egiptoren turismo eta ekonomiari beste kolpe bat?
Urriaren 31n, MetroJet (Kogalymavia) konpainiako Airbus A321 hegazkin batek lurra jo zuen Sinai penintsulan, airean leherketa bat gertatu ostean. 224 pertsona zeramatzan.
Ezbeharraren ondorioz, herrialde batzuk hegaldiei murrizketak jarri zizkieten segurtasun arrazoiengatik, besteak beste, Errusiak. Hala, Egyptair airelineari bere lurraldean hegan egitea debekatu zion Moskuk.
Istripua eta ondorengo neurriak kolpe handia izan ziren Egiptoko turismo eta ekonomiarentzat.