Mundua -
JAPONIA
Hiroshimara bisita historikoa egingo du Obamak
Maiatzaren 27an joango da, eta, besteak beste, bonba atomikoaren biktimen omenez eraikitako Bakearen Parkea bisitatuko du. Ez du, baina, AEBek egindako eraso horregatik barkamenik eskatuko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barack Obama AEBetako presidenteak bisita historikoa egingo du, maiatzaren 27an, Hiroshima hiri japoniarrera. Jardunean dela, hiri hori bisitatzen lehen presidente estatubatuarra izango da. Bonba atomikoaren biktimak gogoratuko ditu bertan, baina Etxe Zuriak jakitera eman duenez, ez du barkamenik eskatuko AEBek II. Mundu Gerran egindako eraso horregatik.
Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramailearen arabera, bakearen eta arma nuklearrik gabeko mundu baten alde duen konpromisoa berretsi nahi du Obamak bidaia horretan.
Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak lagunduta egingo du Hiroshimara bisita presidente estatubatuarrak. Aurretik, G7ak (munduko zazpi herrialde aberatsenek edo eragin handiena dutenek osatzen duten taldea) Ise-Shima parke naturalean, maiatzaren 26an hasita, egingo duen goi-bileran hartuko du parte.
Besteak beste, bonba atomikoaren biktimen omenez eraikitako Bakearen Parkera joango da Obama, Hiroshiman. "Leku horrek duen esanahiaren inguruan eta bertan gertatutakoari buruz gogoeta egingo du. II. Mundu Gerraren amaieran AEBek bonba atomikoa jaurtitzeko hartutako erabakia ez du zalantzan jarriko. Etorkizunaz hitz egingo du", esan du Etxe Zuriak.
John Kerry AEBetako estatu idazkaria joan den hilean izan zen Hiroshiman, bonba atomikoak eragindako biktimen omenezko ekitaldi batean.