Mundua -
Kontrolik gabe
Kanadako baso-suteak hilabeteak eman ditzake piztuta
Sute erraldoiak 161.000 hektarea baso kiskali ditu dagoeneko Kanadako ipar-mendebaldean. Eguraldiak bakarrik geldiarazi dezake sua, buruzagiek onartu dutenez.
EFE
Albertako sute erraldoiak 161.000 hektarea baso kiskali ditu dagoeneko Kanadako ipar-mendebaldean. Hilabeteak eman ditzake piztuta eta eguraldiak bakarrik geldiarazi dezake sua, buruzagiek onartu dutenez.
Sua duela astebete piztu zen. Oraindik zergatik hasi zen ez dute argitu. Azken orduetan, geldoago aurrera egiten ari da, Fort McMurrayko eskualdean euria egiten hasi delako. Gainera, fronte polar bat heldu da eta tenperaturek behera egin dute. Hala ere, suteak kontrolik gabe eta probintziako ipar-ekialderantz aurrera egiten jarraitzen du.
Sugarrak kontrolatu ahal izateko modu bakarra euri-zaparrada handien laguntzarekin izango dela onartu dute berriro suhiltzaileek. Oraingoz halakorik gertatzea ez da espero, iragarpenen arabera.
Fort McMurray, hustuta
Fort McMurray, Torontotik 2.600 bat kilometrora, guztiz hustu behar izan zuten asteartean. 70.000 bizilagun baino gehiago ditu hiriak. 70 kilometro orduko haize-boladak sugarrak bultzatzen ari dira, Albertako probintziako ipar-ekialderantz.
Guztira, 90.000 pertsona inguruk etxea utzi behar izan dute. Kasu gehienetan ezin izango dira etxera itzuli asteetan edo hilabeteetan.
Suhiltzaile bat Albertako (Kanada) basoetan. Argazkia: EFE
Fort McMurray guztiz inguratu dute sugarrek. 200 bat suhiltzailek soilik hirian jarraitzen dute, suak oinarrizko azpiegiturak ez kiskaltzeko; nazioarteko aireportua edo hondakin-uren araztegia esaterako.
Nahiz eta sua itzaltzeko taldeak saiatzen ari, 1.600 eraikin baino gehiago guztiz erraustu ditu suteak hirian eta auzoetan, batez ere behe-auzoetan.