Mundua -
Kanada
Fort McMurrayko suteak 90.000 lagun ebakuatzera behartu du
Basoko 100.000 hektarea kiskali ditu Kanadako ipar-mendebaldean. Agintariek espero dute baldintza meteorologikoak aldatzea, sugarrak menderatu ahal izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Kanadako agintariek espero dute baldintza meteorologikoak aldatzea, Fort McMurrayko sutea menderatu ahal izateko; aipatu suteak, dagoeneko, 90.000 lagun ebakuatzera behartu du, eta basoko 100.000 hektarea kiskali ditu herrialdeko ipar-mendebaldean.
Ehunka ibilgailu ari da Kanadako Polizia laguntzen, Fort McMurray hirian, Torontotik 2.600 kilometrora, Alberta probintziako hegoaldera.
Aterata daudenak, 25.000 bat lagun, Fort McMurrayko herritarrak dira; asteartean jo eta ke ebakuatu behar izan zituzten, sua azkar-azkar egiten ari baitzen aurrera hirirantz.
Fort McMurrayko biztanleen erdiak baino apur bat gehiagok hegoaldera jo zuen, ihes egiteko, Edmonton eta Calgary hirietara; gainerakoek hiriko iparraldeta joan behar izan zuten, sugarrek autobidea blokeatu zuten eta. Azken egunotan, Albertako agintariak saiatu dira irekitzen ihesbidea aterata dauden 25.000 lagunentzat; Fort McMurrayko iparraldean dauden petrolio-ustiapenetako langileentzako esparruetan bilatu zuten babesa hasiera batean.
Lehen bi hildakoak
Gaur ere lehen bi hildakoen berri eman dute. Suteak eragindako lehen biktimak dira Aaron Hodgson eta Emily Ryan, 15 urtekoak eurak. Asteazkenean hil ziren; izan ere, Fort McMurraytik alde egiten ari zirela, istripua izan zuten, euren ibilgailuak kamioi baten aurka egin zuen talka.
Sutearen ondorioak herrialde osoan ari dira nabaritzen, bai eta Amerikako Iparralde osoan ere. Kea Floridan ere dago, baita eta Mexikoko Golkoan, Wisconsin-Madisongo Unibertsitatearen arabera.