Mundua -
Gerra Sirian
48 orduko su-eten ezegonkorra Alepon
Azken astebetean indarkeria nagusi da Alepon. Gutxienez 284 zibil hil dituzte borrokaldietan. Siria osoan iragan otsailetik indarrean dagoen su-etena kolokan jarri du Alepoko indarkeriak.
Agentziak | Erredakzioa
Gobernuaren aldeko indarren eta oposizioko matxinoen arteko borrokaldiak errepikatu ziren atzo Alepon, Siriako iparraldean. Hala, dozenaka soldadu eta matxino hil dira su-eten berria indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago.
Gauerditik aurrera Alepon 48 orduko su-etena aplikatu behar zutela jakinarazi zuen Siriako Indar Armatuen Komandantzia Gorenak agiri batean.
Errusiak eta AEBk su-etena inposatzeko akordioa lortu zuten, zibilen heriotzak eta krisi humanitarioa murrizteko helburuarekin. Hala ere, atzo borrokaldiak izan ziren berriro hiriko mendebaldean. Dozenaka hildako utzi zituzten borrokaldiek.
Besteak beste, Yamiat al Zahra eta Al Rashidin auzoetan izan ziren borrokaldiak. Bi aldeek artilleria erabili zuten, gerra-hegazkin siriar edo errusiarrek frontea bonbardatzen zuten bitartean.
Gainera, Abdel Karim Leili ekintzaileak Efe albiste-agentziari Internet bidez jakitera eman dionez, Fatah Alepoko matxinoek erasoaldia hasi zuten atzo hiriko mendebaldean.
Su-etena, kolokan
Azken astebetean indarkeria nagusi da Alepon. Siria osoan iragan otsailetik indarrean dagoen su-etena kolokan jarri du Alepoko indarkeriak.
Indarkeriak gutxienez 284 zibil (156 erregimenaren kontrolpean dauden eremuetan eta 128 matxinoen esku dauden tokietan) hil ditu azken egunetan, Alepon.