Mundua -
Siria
50 pertsona baino gehiago hil dituzte Alepon izandako zenbait erasotan
Gainera, bart, beste 27 lagun hil dituzte Alepoko ospitale baten aurka egindako bonbardaketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 53 pertsona hil dituzte gaur Alepon (Siria), airetik eta lurretik egindako eraso ezberdinetan, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez. Oraindik ez dago argi nork egin duen erasoaldia.
Hildakoetatik gutxienez 31 zibilak dira eta tartean hiru adingabe daude. Gerra-hegazkinek Bustan al Qasr, Al Kalasa, Qadi Askari, Al Marya eta Al Harabla auzotan egin dituzte erasoak.
Beste 22 lagun, tartean bi ume, talde islamiarrek Siriako erregimenak kontrolatutako zonaldera jaurtitako koheteen ondorioz hil dira. Erasoak Al Midan, Al Mashriqa eta Ashrafie auzoetan eta Saadala al Yaburi plazan egin dituzte. Beste 53 pertsona zauritu dituzte.
Azken asteotan indarkeria ekintzak areagotu egin dira Alepon, Siriako Gobernuak eta oposizioko aliantza nagusiak adostutako su-etena indarrean dagoen arren.
Bart, beste 27 lagun hil dituzte Alepoko ospitale baten aurka egindako bonbardaketan, Giza Eskubideen Behatokiak zehaztu duenez.