Mundua -
Azken balantze ofiziala
Ekuadorreko lurrikaran hildako lagunak 654 dira dagoeneko
Gainera, 13.000 zauritu inguru daude, 130 desagertu eta etxerik gabe geratu diren 26.000 lagunetik gora.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekuadorreko lurrikararen osteko hildako kopuruak gora egin du eta 654 dira jada, azken balantze ofizialaren arabera. Gainera, 13.000 zauritu inguru daude, 130 desagertu eta etxerik gabe geratu diren 26.000 lagunetik gora.
Ekuadorrek historian bizi izandako larrienetarikoa izan da joan den asteko lurrikara. 7,8 gradukoa izan da, eta 7.000 eraikin suntsitu ditu. Horren ondorioz, 26.000 lagun aterpetan bizi dira, eta beste 14.000 bat segurtasunaz eta ordena sozialaz arduratzen ari dira.
"Egun tristeak dira gure herrialderako", esan du Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak, hunkituta. "Herrialdea krisian dago", aitortu du.
Lurrikararen osteko egunetan 700 erreplika eta lur-mugimendu handiak izan dira Ekuadorren, eta horrek beldurra zabaldu du herritarren artean. Litekeena da datozen egunotan lur-mugimenduek jarraitzea.
Bizirik atera diren herritarrak jateko, edateko eta sendagaiak jasotzen ari dira, baina presidenteak onetsi duenez, hainbat errepidek kalte handiak jaso dituzte eta, horren ondorioz, zenbait lekutan atzeratzen ari da laguntzaren harrera.
Zortzi dolu-egun
Rafael Correak jakinarazi duenez, datozen orduetan herrialdean zortzi-dolu egun deklaratuko dituen dekretu bat sinatuko du, lurrikararen ondorioengatik.
"Nazio-tragedia bat izan da, baina aurrera egingo dugu. Dena dela, hil direnengatik, familia horien sufrikarioarengatik, datozen orduetan zortzi eguneko dolu-eguna deituko duen dekretua sinatuko dut", esan du Correak astean zehar egindako lanen txostenean.