Mundua -
EKUADOR
250.000 haur babesik gabe utzi ditu Ekuadorreko lurrikarak
Unicefek laguntza bidali du haur hauen oinarrizko beharrizanak asetzeko, eta ahalik eta azkarren heltzeko deia egin du.
Agentziak | Erredakzioa
250.000 haur inongo babesik gabe gelditu dira Ekuadorren, joan den maiatzaren 16an Richter eskalan 7,8 graduko lurrikara izan ondoren. Unicefek laguntza bidali du, haurron oinarrizko beharrizanak asetzeko eta ahalik eta azkarren heltzeko eskatu du Grant Leaity elkartean Ekuadorren duen ordezkariak.
“Haurrek kale gorrian, babesik eta edateko urik gabe jarraitzen badute, gero eta handiagoak izango dira arriskuak euren osasunerako”, ohartarazi dute.
NBEren agentziak emandako datuen arabera, gutxienez 720.000 lagunek behar dute arreta, 1.100 eraikinetik gora suntsitu dira eta 25.000 lagun behin behineko aterpeetan daude. Unicefek Ekuadorrera bidali zuen lehen hegazkina ostegunean iritsi zen hiriburura, eta aurreikuspenen arabera, asteburuan ekingo diote kaltedunei laguntza banatzeari.
Hain zuzen ere 10.000 manta, plastikozko 300 estalki, plastikozko 1.800 biribilki, 100 kanpin-denda, 30 ur edukiontzi, 15.000 bidoi, uraren egoera aztertzeko 17 test eta A bitaminadun 250.000 kapsula bidali dituzte, besteak beste.
250.000 haur horiek hiru hilabetean izango dituzten beharrizanak asetzeko 23 milioi dolar behar ditu Unicefek.