Mundua -
LUR-ASTINDUA
570 pertsona hil dira dagoeneko Ekuadorren, lurrikararen ondorioz
Egoera bere onera ekarri nahian, lur-astinduaren lekura iritsi den laguntza modu egokian antolatzea da, orain, lehentasuna, Correa presidentearen hitzetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekuadorko Fiskaltzak emandako azken datu ofizialen arabera, 570 pertsona hil dira dagoeneko, joan den larunbatean izandako lur-astinduarekin ondorioz. Righter eskalan 7,8 gradukoa izan zen dardara, eta hildakoez gain, milaka zauritu eta kalte handiak utzi ditu.
Hildako gehienak, 526, identifikatu dituzte, eta gorpuak senitartekoen esku utzi dituzte. Horietako 13 atzerritarrak dira. 44 gorpu daude, oraindik, identifikatzeke.
Dena dela, 107 pertsona daude desagertuta, eta horien bila ari dira erreskate-taldeak, hondakinen artean. Zauritutakoak, berriz, 4.600 baino gehiago dira.
Laguntza ongi antolatzea, lehentasuna
Rafael Correa Ekuadorko presidenteak, atzo egindako agerraldian, esan zuenez, kaltetuei laguntza modu zuzenean bideratzea da orain erronka nagusia.
8.000 militar, 4.500 polizia, 4.000 sendagile eta 1.500 boluntario ari dira lanean lurrikarak kaltetutako eskualdean, egoera bere onera ekartzeko ahaleginean. Horiekin batera, hogei bat herrialdeetatik Ekuadorrera joandako 940 lagun ari dira erreskate-lanetan laguntzen.
Correaren hitzetan, laguntza hori guztia modu egokian antolatzea da, orain, erronka. Horregatik, erreskate-taldeetan lanean ari diren guztiei larrialdi-zerbitzuetako arduradunekin harremanetan jartzeko eskatu die, jarraibideak jaso eta modu koordinatuan lana egiteko. "Laguntzeko borondatea izatea ez da nahikoa, laguntza guztia modu egokian bideratzen jakin behar dugu", esan du.
Kalte materialak ere handiak izan dira, eta Ekuadorko Gobernuak talde berezi bat antolatu du, kalte horiek zenbatu, eta suntsitutako eremuetan eraikin berriak egiteko plana antolatzeko. "Dena dela, egia esan dezagun: urteak beharko ditugu guztia konpontzeko", esan du Correak. Hainbat tokitan eraikinen % 85 erabat txikituta geratu da.