Mundua -
BALANTZE OFIZIALA
525 hildako utzi ditu jada Ekuadorko lur-astinduak
400 pertsona baino gehiago ari dira erreskate lanetan parte hartzen, zortzi herrialdetakoak. Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak esan duenez, kalteak 3.000 dolar baino gehiagokoak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekuadorko lur-astinduak eragindako hondamendia handitzen ari da, egunetik egunera. Bertako Fiskaltzak emandako azken balantzaren arabera, 525 hildako utzi ditu jada joan den larunbateko lurrikarak. Horietatik, 518 gorpu identifikatu dituzte, eta, dagoeneko, euren senitartekoen esku utzi dituzte. Righter eskalan 708 gradukoa izan zen dardara.
Manta, Portoviejo eta Pedernales izan dira toki kaltetuenak; herri horietakoak dira 431 hildako. Fiskaltzak zabaldu duenez, bestalde, zendutakoen artean, gutxienez, hamaika atzerritar identifikatu dituzte; hiru kubatar, hiru kolonbiar, bi kanadar, dominikar bat, irlandar bat eta ingeles bat. Gobernuaren webgunean publikatu dute biktimen zerrenda ofiziala.
Ricardo Patiño Ekuadorko Defentsa ministroa atzo agertu zen hedabideen aurrean, egoeraren azken ordukoaren berri ematera. Horren hitzetan, osasun-zerbitzuetako langileek 4.027 pertsona artatu dituzte azken egunotan. "Ekuadorren azken 60 urteetan izan den hondamendirik larriena da", esan zuen.
Lurrikara izan orduko, nazioartetik jasotako elkartasun-oldea eskertu zuen Patiñok. Zehaztu zuenez, 400 pertsona inguru ari dira parte hartze erreskate-lanetan, zortzi herrialdetakoak.
Luze joko du egoera bere onera ekartzeak. Oraingoz, lur-astinduak guztiz itxita utzi dituen errepideak zabaltzea da lehentasunetako bat, ibilgailuen joan-etorria ahalbidetzeko. Kaltetutako inguru osoan komunikazio-sareak eta elektrizitatea berreskuratzea ere lehentasuntzat jo dituzte. Defentsa ministroaren arabera, argindar-sarea ia berrezarri dute larunbataz geroztik etenda egon den lekuetan.
Elikagai banatzaileei eta bankuei dei egin zien ministroak, euren negozioak berriro martxan jartzen joan daitezen, normaltasunak ahalik eta azkarren errekuperatzeko.
Rafael Correa Ekuadorko presidenteak ziurtatu duenez, lurrikarak eragindako kalteak 3.000 milioi dolar baino gehiagokoak dira.