Mundua -

Kaosa

Islandiako sumendiak kaosa eragin du Europako aireportuetan

Europan 17.000 hegaldi bertan behera gelditu dira, 1.120 Espainian, eta 30 EAEn. Sumendia uste baino piztuagoa dago, eta ondorioz, arazoak gaur ere errepikatuko dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eyjafjalla (Islandia) glaziarraren azpian dagoen sumendiak bigarren erupzioa izan du hiru asteotan. Sumendiak botatako errautsek inoiz ezagutu den kaos handiena eragin du abiazio komertzialaren historian.

Europako aire trafikoak erabat kolapsatuta jarraitzen du hodei beltzaren mugimenduaren ondorioz; Islandiatik ekialderantz mugitzen ari da. Europako 9 aireportu eta beste hiru herrialdetako beste hainbat aireportu itxi behar izan dituzte azken bi egun hauetan hegazkinak aireratu edo lurreratu ezin direlako. Ondorioz, aire-zirkulazioa itxita egongo da gutxienez datozen 24 orduotan..

Aireko espazioa guztiz itxita dago honako herrialdeetan: Erresuma Batua, Belgika, Holanda, Danimarka, Suedia, Norvegia, Suitza, Finlandia, Estonia, Frantziako iparraldea (Pariseko guztiak barne), Alemaniako eta Poloniako zenbait zonalde (Varsoviako aireportua barne).

Dena den, arratsaldeko 18:00etatik (Euskadiko ordua) aurrera murrizketak altxatuko dira Eskoziako toki gehienetan eta Ipar Irlandan. Era berean, Parisko aireportuak (Roissy-Charles de Gaulle, Orly eta Le Bourget) zabaltzeko asmoa dute.

Aireko Nabigazioaren Segurtasunarerako Europako Agentziaren arabera, 1.360.000 bidaiari kaltetuko dira gaur Europako hegaldiak bertan behera uzteagatik.

17.000 hegaldi bertan behera utzi dituzte

Guztira, 17.000 hegaldi bertan behera utzi dituzte Europan atzotik, Aireko Nabigazioaren Segurtasunarerako Europako Agentziak (Eurocontrol) aditzera eman duenez.

28.000 hegazkinek bidaiatu behar zuten Europako aireko espazioa atzo, baina 20.000 bakarrik aireratu ziren eta gaur, aldiz, 11.000 hegazkin aterako direla aurreikusi dute.

Espainian 1.120 hegaldi, bertan behera

Espainian 1.120 hegaldi bertan behera gelditu dira.

Arratsaldean Iberiak egoera hobetuko zela uste arren, sumendia uste baino piztuagoa dago, eta ondorioz, arazoak bihar arte luzatuko dira, batez ere, Herbehereetan, Holandan, Belgikan eta Alemaniako mendebaldean.

Iberia, Air Europa, Spanair eta Vueling konpainia espainiarrak jakinarazi dutenez, bidaiatu ezin izan dutenek hegaldia beste helmuga edo data batengatik aldatu ahal izango dute, eta zenbait kasutan, dirua bueltatzerik ere badago.

EAEko egoera

AENAk, momentura arte, 30 bat hegaldi atzeratu behar izan ditu Loiun eta Forondan Islandiako sumendiaren erupzioaren eraginez. Hondarribiako aireportuak ez du ondoriorik jasan, Espainiako aireportuak dituztelako helmuga (Bartzelona eta Madril) euren hegaldiek, AENAk eitb.com-i jakinarazi dionez.

740 milioi euroko galerak

Sektoreko adituen arabera, 740 milioi euroko galerak eragin ditzake Islandiako hodei beltzak.

Irailaren 11an izandako atentatuetan baino arazo gehiago

Europako aire trafikoak jasan duen kolapsoak New Yorkeko atentatuen ostean gertatutakoa baino handiagoa izan da.

S11-ko atentatuen ostean AEBetako aire trafikoa itxi zuten, baina ez ziren jasan bi egun hauetako arazoak.

200 urte "lo"

Sumendiak azken erupzioa orain dela 200 urte izan zuen, baina joan den martxoaren 20an esnatu egin zen eta apirilaren 14an gogortasunez ekin zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea