Mundua -
Europako aireportuak pilatuta
Kronika Londresetik: 5.100 libra Oslotik Bruselara taxian
Ia Europa osoko hegaldi gehienek bertan behera jarraitzen dute eta 'B planak' ere, hasi dira agortzen. John Cleese komedialariak 5.100 libra ordaindu ditu Oslotik Bruselara arteko taxi-bidaiarengatik.
Sarai Campo
"Ez dugu hegaldirik aurkitu. Denbora gutxi geratzen da aukeratu duzun hegaldi horretarako eta txartel guztiak agortuta daude. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu bezeroaren arretarako dugun telefono honetara…".
Honen gisako mezuek eta cancelled (bertan behera) edota delayed (atzerapenez), kasurik oparoenean, areagotu baino ez dute egiten batetik bestera joateko hegaldiren bat hartu behar zuten horien guztien atsekabea.
Atzo arratsalde aldera agerian zegoen Islandiako sumendiak sortu zezakeen anabasa, gaur baina, kaosa etenaldi bihurtu da. Europan aurreikusita zeuden hegaldien %60a bertan behera geratu da, eta dagoeneko, sumendiak isuri duen keak zorigaitzeko Irailaren 11 hartan baino kalte handiagoak eragin ditu aire-trafikoan.
Eta ezinbestean, holako egoeretan gertatu ohi den bezala, ''B planak'' ere, agortuz doaz. Eguerdiko 12.30etan ezinezkoa zen Eurostar-erako (Europako abiadura handiko trena) txartel bat erostea, Bruselatik Stransburgera joateko auto bat alokatzea edota Brusela eta Suitza bitarteko bidaia autobusez egitea.
Ondorioa: askok eta askok aireportu, tren eta autobus geltokietako eserleku ezerosoetan eman beharko dutela gaua.
Hemen Londonen, atzo metrora jaitsi eta aireportuetara ez hurbiltzeko gomendioa egiten zuten gaur, berriz, gomendioak erreguarena barik, gehiago dauka aginduaren tankera. "Ez ezazue aireporturako metrorik hartu, ez da eta, hegaldirik irtengo". Modu honetan jende pilaketa handiak ekidin nahi dituzte, baina, lortuko al dute? Jendeak bere hegaldiarekin zer gertatuko den jakin nahi du.
Eta lehen ''B plan'' bezala trena eta autobusa aipatu baditugu, badago ere taxiari errentagarritasuna aterako dionik.
Bada, John Cleese komedialariak 5.100 libra ordaindu ditu Oslotik (Norvegia) Bruselara (Belgika) arteko taxi-bidaiarengatik.
1.500 kilometroko bidaia luzea egiteko bi gidari joango dira taxian, baina zantzu guztien arabera, gidariok inoiz egin duten bidairik luze, errentagarri eta dibertigarriena egingo dute. Umorerik behintzat, ez zaie faltako.