Mundua -
Kaosa
17.000 hegaldi bertan behera utzi dituzte Europan
Erresuma Batuak, Belgikak, Holandak, Danimarkak, Suediak, Norvegiak, Finlandiak, Estoniak, Frantziako iparraldeak, eta Alemaniako eta Poloniako zenbait zonaldek itxiko dute beraien aireko espazioa.
Erredakzioa
Guztira, 17.000 hegaldi bertan behera utzi dituzte Europan atzotik, Islandiako sumendi batek eragindako errauts hodeiagatik, Aireko Nabigazioaren Segurtasunarerako Europako Agentziak (Eurocontrol) aditzera eman duenez.
28.000 hegazkinek bidaiatu behar zuten Europako aireko espazioa atzo, baina 20.000 bakarrik aireratu ziren eta gaur, aldiz, 11.000 hegazkin aterako direla aurreikusi dute.
Aireko espazioa guztiz itxita dago honako herrialdeetan: Erresuma Batua, Belgika, Holanda, Danimarka, Suedia, Norvegia, Finlandia, Estonia, Frantziako iparraldea (Pariseko guztiak barne), Alemaniako eta Poloniako zenbait zonalde (Varsoviako aireportua barne)
Aireko Nabigazioaren Segurtasunarerako Europako Agentziaren arabera, 1.360.000 bidaiari kaltetuko dira gaur Europako hegaldiak bertan behera uzteagatik.
Norvegiak, Suediak eta Irlandak aireko espazio irekitzeari ekin diote
Norvegiak herrialdearen iparraldeko aireko espazioa irekitzen hasi, hain zuzen, Trondheim eta Stokmarknessen artean.
Halaber, Suediak bere aireko espazio irekitzeari ekin dio eguerdi partean.
Irlanda, errauts hodeiagatik kaltetuta lehenengoetarikoa, Dublineko, Corkeko eta Shannoneko aireportuetako zerbitzuak berrezarri ditu.
Europa erdia kaltetuta
Erresuma Batuak larunbateko 01:00ak arte luzatu du bere aireko espazioaren itxiera.
Estoniak, Letoniak eta Lituaniak ia bere hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.
Austro Control Austriaco agintaritzak iragarri duenez, arratsaldean Vienako, Salzburgoko eta Linzeko aireportuak itxiko dituzte eta geroago, hegoalderago kokatutako Klagenfurtekoa eta Grazekoa.
Horrez gain, Krakoviako aireportu poloniarra itxita dago. Kaczynski presidentearen hiletara doazen agintariak bertan lurreratu behar dute.
Europako hirugarren aireportu handiena itxita
Berlineko Tegeleko eta Schonefeldemko aireportuak itxita daude baita Frankfurtekoa -Europako hirugarren handiena- Hanburgokoa, Dusseldorfeko, Hannoverrekoa, Bremeneko Coloniakoa eta Leipzigeko ere. Hurrengo orduetan, Munichekoa itxi lezakete.
25 aireportu itxita Frantzian
Atzo iluntzeko 21:00etatik Pariseko Roissy-Charles de Gaulle, Orly eta Le Bourget aireportuak itxita daude. Frantziako ondorengo aireportuak ere itxita daude: Brest, Lannion, Deauville, Morlaix, Quimper, Rennes, Caen, Estrasburgo, Vatry, Reims, Metz, Beauvais, Pontoise eta Tossus-le-Noble, Aireko-Nabigazio Zibilaren Zuzendaritzak aditzera eman duenez.
Frantziako hiriburuko hiru aireportuak eta herrialdearen iparraldeko guztiak, gutxienez, 18:00ak arte (20:00ak Euskadin) itxita egongo dira.