Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Aita santuaren 'bidaia humanitarioa' Lesboseko errefuxiatuengana
Berekin joango da Bartolome Eliza ortodoxoaren burua ere, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko asmoz.
agentziak | erredakzioa
Aita santuak 'bidaia humanitarioa' egingo du Greziako Lesbos irlara errefuxiatu guztiei elkartasuna adierazteko ekintza gisa, Vatikanoak jakitera eman duenez.
Bidaia humanitarioa izateaz gain, ekumenikoa ere izango da, Eliza ortodoxoarekin batera antolatu baitute; horregatik, Bartolome Konstantinoplako patriarka ekumenikoa ere bertan izango da.
Federico Lombardi Vatikanoko prentsa bulegoko bozeramaileak azaldu duenez, Frantziskoren eta Bartolomeren helburua errefuxiatuen egoera zein den ezagutaraztea izango da.
Bisita Turkia, Europar Batasunarekin lotutako akordioari esker, deportazioak egiten hasi ostean egitea erabaki ote zuten galdetuta, Lombardik erantzun du aita santuak ez duela horren aldeko edo kontrako jarrerarik erakutsi nahi bidaiarekin.
Azaldu duenez, bidaiaren une gorena Moriako zentroan izango da, aita santuak, Bartolomek eta Greziako artzapezpikuak bakarrik dauden 150 haur eta beste 250 immigrante agurtuko dituztenean.
Atxiloketa zentroan 2.500 errefuxiatu inguru daude, eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu dituzte bertako bizi baldintzak.
Bestade, Frantzisko ez da Lesbosera estatuburu gisa joango, beraz, ez du agur ofizialik jasoko. Dena dela, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarekin bitan batzartuko da gutxienez.
Aita santuak aurreko asteazkenean eman zuen bidaiaren berri, eta esan zuen errefuxiatuekiko "gertutasuna eta elkartasuna" adierazteko modua zela, eta Grezia "harreran hain eskuzabal" izatea eskertu nahi zuela.