Mundua -
Immigrazioaren drama
1.850 lagun erreskatatuta Mediterraneoan, 24 ordu baino gutxiagoan
Hotzak, eguraldi kaskarrak eta lurretik zabaldutako bide berriek itsasotik abiatzen ziren migratzaileen kopuruak behera egitea eragin zuen, baina mugen itxierak berriz aktibatu dituzte itsasbideok.
agentziak | erredakzioa
1.850 pertsona erreskatatu dituzte gaur, astelehena, Mediterraneo itsasoan, Italiako Kostazainek koordinatutako operazio batean. Siziliako Itsasartean, Europarako bidean, noraezean zeuden zenbait ontzietatik erreskatatu dituzte, ohar baten bidez zabaldu dutenez.
Mediterraneoan zehar sakabanatuta dauden zortzi itsasontziek egin dituzte erreskateok, Kostazainek Erroman duten Sorospen Zentro Nazionalak (Garraiobideen Ministeriokoa) koordinatuta.
Italiako kostazainek bi itsasontzitan zihoazen 740 lagun erreskatatu dituzte, eta Italiako Itsas-Armadako beste ontzi batek 255 pertsona erreskatatu ditu, bi txalupetan zihoazela.
Gainera, kostazainek desbideratu duten merkataritza itsasontzi batek 117 lagun arriskutik ateratzea lortu dute, Mediterraneoko gune horretan, eta Eunavformed Europako operatiboaren parte den itsasontzi batek beste 738 pertsona erreskatatu ditu.
Italia, Afrikatik oso gertu dagoenez, migratzaileen helburu izan ohi da, Europara sartzeko bide bat dela iritzita.
Azken hilabeteotan, Italiatik Europara sartu nahi izan duten pertsona kopuruak behera egin du, hotzaren, baldintza kaskarren eta bide seguruagoen eraginez, esaterako, Balkanen bidetik.
Alabaina, Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugaren itxierak, eta Greziak Turkiara bidaltzeko pertsonen operatiboak eragin du mafiek eta pertsona-trafikatzaileek bestelako bideak berreskuratzea, adibidez Italiakoa, Europara heltzeko.