Mundua -
Gertakaria
Gutxienez 106 lagun hil dira Indian, tenplu bateko sutean
350 bat lagun zaurituta daude. Gertaera Puttingal tenpluan jazo da, Kollam hirian, Kerala estatuan, material piroteknikoko leherketa baten eraginez.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 106 lagun hil eta 350 bat zauritu dira Indian, Puttingal tenpluan izandako sutean, Kerala estatuko Kollam hirian, material piroteknikoko leherketa batean.
Sutea 3:30ean hasi zen (larunbateko GMT 22:00etan); txinparta bat jausi zen su artifizialak gordetzen ziren eraikinaren gainean. Su artifizial horietako batzuk oso indartsuak ziren, tokiko hainbat hedabidek jakitera eman dutenez. IANS agentziari egindako adierazpenetan, zenbait lekukok esan zuten leherketa handia izan zela.
Sutea hasi zenean, 10.000-15.000 lagun zeuden ospakizunean eta su artifizialak ikusteko prest. Indian azken hamar urteotan izandako suteetan okerrena da hau; 2004an, Tamil Naduko eskola batean, beste bat piztu zen, eta 91 lagun hil ziren, umeak gehienak.
Material piroteknikoa debekatuta dago, baina batzuetan baimenak ematen dituzte
Keralak debekatuta du material piroteknikoa erabiltzea, baina agintariek baimenak ematen dituzte batzuetan, hainbat ospakizun jakinetan.
Indiako lehen ministro Narenda Modik Keralako gobernuburuari eskatu dio egoera kritikoan dauden zaurituak helikopteroz ahalik eta lasterren ospitaleratzea. Modik doluminak eman dizkie hildakoen familiakoei, eta esan du Keralara joango dela, egoera aztertzea xede.