Mundua -
Zaventem
Brusela eta Bilbo arteko hegaldiak, berriro martxan
Atentatuetatik bi aste igaro dira, eta Bilbora joango diren hegaldiak izango dira Belgikako hiriburutik Espainiako Estatura joango diren lehenak.
agentziak | erredakzioa
Bruselako Zaventem aireportuak gaur jarriko ditu martxan berriro Espainiako Estatura joateko hegaldiak, Bilbora joango den Brussels Airlinesen hegaldiarekin. Bi aste dira atentatua egin zutenetik, eta oraindik erabili ezinda dago irteeren terminala.
Brussels Airlinesen aurreikuspenen arabera, asteazkenean bideratu ahalko dira "Espainiara hegaldi gehiago", aireportuaren gaitasuna handitu ahala.
Aireportuaren webgunean azaldu dutenez, Bruselatik abiatu eta 11:50ean iritsiko da Bilbora hegaldi bat gaur, eta 16:15ean abiatuko da Loiuko aireportutik Zaventemera.
Aireportua igandean ireki zuten hiru hegaldi "sinboliko" (Farora, Turinera eta Atenasera) bideratuz, eta atzo nazioarteko 25 hegaldi inguru izan ziren.
Iberiaren hegaldiak Liejara joango dira apirilaren 8ra arte gutxienez, Vuelingenak bezalaxe, eta Air Europak Bruselatik ia 100 kilometrora dagoen aireportu horretara bidaliko ditu hegaldiak Zaventem guztiz onera itzuli arte. Ryanairrek, berriz, Charleroira egingo du hegan hilaren 7a arte.