Mundua -

Kalkuta

Gutxienez 14 lagun hil dira Indian, zubi bat eraitsita

150 bat lagun harrapatuta daude, eta, ondorioz, hildakoen kopuruak nabarmen egin lezake gora. Eraikitzen ari ziren pasonibel bat jausi da.

Pasonibel bat jausi da, Kalkutan, ostegun honetan. Argazkia: EiTB.
Pasonibel bat jausi da, Kalkutan, ostegun honetan. Argazkia: EiTB.
Gutxienez 14 lagun hil dira Indian, zubi bat eraitsita

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 14 lagun hil dira eta beste 150 bat harrapatuta daude Indian, Kalkuta hirian, eraikitzen ari ziren pasonibel bat eraitsita, Poliziaren lehen balantzeen arabera. Ezbeharra Kalkutako gune komertzialean jazo da, herrialdeko ekialdean.

140 tonako garabi bat eraman dute ezbeharra gertatu den tokira, zubia kentzeko lanetan laguntza emateko, baina larrialdi-ekipoak eta herritarrak eurak ahalegindu dira, hasiera batean, biktimei laguntzen. Hainbat lagunek ur-botilak eman dizkie onik atera diren batzuei.

"Egoera patetikoa da. Une honetan, inork ez daki zenbat lagun dauden harrapatuta", aitortu du Raichand Mohta izena duen agente batek. Lekuko batek Reuters agentziari esan dioenez, mediku-taldeek lanean dihardute, zubiak zanpatu duen minibus bateko bidaiariak askatzeko.

Poliziako beste bozeramaile batek, Akhilesh Chaturvedik, esan du zauri kritikoak zituzten 15 lagun erreskatatu dituztela, eta horietako askok odol ugari zutela: "Arazoa da inork ez omen duela gaitasuna ezbeharra jazo den puntura anbulantzia bat eramateko", salatu du.

Ehun bat metro luze den egitura

Metal eta porlanez egindako egitura, ehun bat metrokoa bera, jausi da, eta ikertzen ari dira zergatik. Ramesh Kejriwalek, bertako bizilagun batek, esan dio Reutersi langileek asteazken gauean bota zutela porlana.

Mendebaldeko Bengalako ministro nagusi Mamata Banerjee bertaratu da, eta erreskate-lanak ari da gainbegiratzen. Derek O'Brien agintean dagoen alderdiko bozeramaileak esan du jazotakoa "ezbehar itzela" dela, eta aurreikusi du "biktima asko" egotea.

Zubiak bi kilometro ditu, guztira, eta 2009an hasi ziren egiten. Ordutik, lanak amaitzeko hainbat epe ez dira bete. 'The Telegraph' egunkariak 2015eko azaroan jakitera eman zuenez, Banerjeeren asmoa zen proiektua aurtengo otsaila baino lehen amaituta egotea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak India