Mundua -
Bahiketa
Enyele matxinoek Espainiako mediku bat bahitu dute Kongon
Kongoko Komunikazio ministroaren esanetan, mediku espainiarra oporretan zen Kinsanganin, eta ontzi batean Kongo ibaia kurritzen ari zen matxinoek harrapatu zutenean.
Erredakzioa
Espainiako mediku bat bahitu dute Enyele etniako matxinoek iragan astelehenetik igandera bitartean, Mbandakan egindako eraso batean zehar, Kongoko Errepublika Demokratiko ipar-mendebaldean, Lambert Mende Kongoko Komunikazio ministroak gaur prentsaurrekoan azaldu duenez.
Menderen hitzetan, mediku espainiarra oporretan zen Kinsanganin, eta Malaika izeneko ontzian Kongo ibaia kurritzen ari zen matxinoek harrapatu zutenean, Ekuatoreko probintzian.
"Talde terroristako buruzagiaren eskuetan dago Salsa doktorea", esan du Mendek, Kinshasan emandako prentsaurrekoan. Enyele matxinoek Mbandaka hiriari eta aireportuari eraso egin zioten iragan igandean, ministroak azaldu duenez.
Liskarrak
Menderen arabera, Kongoko Indar Armatuen (FARDC) zazpi kide, NBEk Kongon duen Misioko (MONUC) hiru kide, Hegoafrikako pilotu bat, Ghanako herritar bat, Uruguaiko lagun bat eta bi zibil hil ziren erasoetan.
Bestalde, 21 matxino hil ziren, horietatik hiru Mbandakako herritarrek lintxatuta. Horrez gain, matxino bat zauritu zuten eta beste 38 atxilotu zituzten.
Istiluak iragan igandean hasi ziren, soldaduek Enyele matxinoak ontzi batean aurkitu zituztenean, Mbandakan. Ondoren, dozenaka matxinok aireportuari eraso egin zioten eta astelehenean bertatik ateraraztea lortu zituzten, MONUCen laguntzarekin.