Mundua -

UNICEF-en txostenaren arabera

3,7 milioi siriar jaio dira gerra hasi zenetik, UNICEFen arabera

Haur horiek belaunaldi galdu izan ez daitezen neurriak hartzeko eskatu du Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak.

3,7 milioi siriar jaio dira gerra hasi zenetik. Artxiboko irudia: EiTB
3,7 milioi siriar jaio dira gerra hasi zenetik. Artxiboko irudia: EiTB
3,7 milioi siriar jaio dira gerra hasi zenetik. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

3,7 milioi siriar jaio dira duela bost urte Siriako gerra hasi zenetik eta, beraz, ia lau milioi haurrek ez dute guda besterik ezagutzen. Hala salatu du UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak astelehen honetan argitaratutako txosten batek.

Bost urtetik beherako 2,9 milioi siriarrek herrialdean jarraitzen dute eta beste 811.000 inguruko herrialdeetan bizi dira. Halaber, 151.000 haur erbestean jaio dira eta errefuxiatuak dira jaiotzez.

Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak neurriak hartzea eskatu du belaunaldi galdu bat egon ez dadin: "Zer esango diegu horiei eta Siriako haur guztiei? Ez zaigula axola hezkuntza eta osasun gabeziengatik belaunaldi galdu bateko kide bilakatzea?". "Ezin dizkiegu gerrak lapurtutako haurtzaroko urte eder horiek bueltatu, baina beren etorkizunaren alde zerbait egin ahal dugu eta egin behar dugu", aldarrikatu du Anthony Lake UNICEFeko zuzendari exekutiboak.

UNICEFen datuen arabera, Sirian eta inguruko herrialdeetan bizi diren 8 milioi haur siriarrek baino gehiagok laguntza behar dute, bi milioi inguruk ez daukate laguntzarako sarbiderik eta 200.000 inguru setiatutako inguruetan bizi dira. 2013az geroztik, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ez dauka Sirian hildakoen inguruko datu egiaztaturik, baina ordura arte 10.000 haur siriar hil zirela uste du.

UNICEFen esanetan, Siriako gerran parte hartzen duten alde ezberdinek geroz eta adingabe gehiago errekrutatzen dituzte. Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren txostenaren arabera, gerraren lehendabiziko urteetan 15 eta 17 urte bitarteko nerabeak errekrutatzen zituzten batez ere; alabaina, 2014az geroztik baita 7 urteko haurrak ere.

Bestalde, gerrak ondorio larriak eragin ditu haur siriarren hezkuntzan. Hala, haur siriarren erdiek -2,8 milioi inguruk- hezkuntzarako sarbiderik ez dutela uste du UNICEFek, besteak beste, 6.000 ikastetxe inguru erabili ezinda daudelako.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gerra Siria Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Siria albisteak gaur